Arantza Moreno kadeteak urrezko domina lortu du bigarrenez Estatuko txapelketan

09.06.10
Kirolak

Arantza Moreno gazteak urrezko domina lortu du bigarren urtez jarraian xabalina-jaurtiketa. Domina hori Autonomi Erkidegoetako ordezkariek jokatzen duten Espainiako Txapelketan lortu du, zeina azken asteburuan gauzatu den Lloret de Mar (Girona) udalerrian. Ermuarrak emakume kadeteen bakarkako atalean parte hartu eta beste erkidegoetako kirolariak gainditu zituen 39,66 metroko jaurtiketarekin. Marka hori bere lehen jaurtiketan lortu zuen eta, gerora, eguneko onena eta titulua berreskuratzeko balio izan zion. Txapelketa horretara Autonomi Erkidego ezberdinetan marka onenak lortu dituzten atletak joaten dira. Ermuarrok herriko bi kirolari izan ditugu Euskadiko selekzioarekin parte hartzen. Arantza Morenok xabalina-jaurtiketan eta Ander Garciandia 600 metroko lasterketan. Arantzak domina ekarri du eta Anderrek paper duina egin arren, hurrengo aukerara itxoin beharko.

Arantzak txapelketa honetara joateko txartela aspaldi lortu arren, orain bi aste urteko erregistrorik onena markatu zuen 41,35 metroko jaurtiketa eginez. Hori horrela, ilusio handiz joanda Gironara domina bat ekar zezakeelakoan. Dena den, zentzuari jarraiki jakin bazekien egun kaskarra izan edo lehiakide hobea aurkitu zezakeela bidean. Jaurti behar zuen bakoitzean harmailetan bere izena besterik ez zen entzuten, besoa luzatu eta gero isiltasuna nagusituz eta xabalinak lurra ukitzean, txalo zaparrada. Bere lehenengo saiakeran 39,66 metro markatu zituen, lehen postuan sailkatuz. Sailkapenaren buru mantendu zen azkenera arte, gainerako guztietan erregulartasunez jaurti eta 38 metroak gaindituz. Horri esker, podiumeko lehen postua eta urrezko dominak bere egin zituen. Saria lortzen duen bigarren urtea jarraian da eta, hirugarren domina bat lortzen saiatuko da, ekainaren 26an Iruñean jokatuko den txapelketan.

Bestalde, Ander Garciandia ermuarra ere Euskal Selekzioarekin aritu zen, 600 metroko lasterketa korrituz. Ander ilusio handi joanda Gironara, nahiz eta bere ezaugarri fisikoentzat hobeto egokitzen diren lasterketa luzeagoetara. Lehenengo saiakeran ausardiaz jokatu zuen eta lehenengo postuan korritzea erabaki zuen ezusteko edo kolperik ez izateko. Dena den horrelako zita batean korrikalari guztiek oso atleta onak dira eta abiadura handikoak. Hortaz, azken 150 metroetan Ander laugarrena zen, baina nekeak jota, posizioak galdu eta helmugatik seigarren pasa zen. Azkenean eta segundo erdigatik ez zuen final nagusian sartzerik izan. Laburbilduz, sailkapen ona baina zapore gazi gozoa, finalerako txartela ez eskuratzeagatik.

Hurrengo egunean, B taldean sailkatutakoen artean korritu zuen. Guztia emateko eta emaitza hobea lortzeko irrikan zegoen, baina ateraldi eskasa egin eta marka ona egiteko aukerak galdu zituen. Esan bezala, esperientzia ona Anderrentzat txapelketan parte hartzeak eskarmentu ematen baitu eta hurrengora aukera izan arte itxoin beharko du. Saria lortuko duela gauza ziurra da, adoretsua izanik irmotasunez, lan gogorra egiten baitu. Ez etsi, eta aurrera!

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
‘Mugiment Pausu Erronka!’ hastear

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra
Imagen
06.05.25
Kirolari gazteen artean adikzioak prebenitzeko formakuntza saioak

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin
Imagen
05.05.25
2007tik 2012ra jaiotako gazteentzako doako areto-futboleko txapelketa

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke