Atera arbela kalera!
Berbalagun ekimena sasoian jartzen hasi da herriko euskaltegiek matrikula aldia zabaltzearekin batera. Izenemateak itxi eta ikasturtearen hasierarekin batera bueltatuko zaigu Berbalagun. Aurtengoa bederatzigarren edizioa izango da eta ekimena indarberriturik datorkigu, ekainean Udalak eta Euskaraz Kooperatiba Elkarteak hitzarmena sinatu eta gero. Kanpaina berria egun gutxi barru aurkeztuko da eta horri hasiera emango zaio urriaren 1ean, hain zuzen ere. Urriaren 4tik 8ra bitartean kartelak jarriko dira kalean eta etxeko postontzietara helduko zaigu diptiko informatiboa eta izenemateko orria. Urriaren 21ean aurkezpena egingo da arratsaldeko 7etan Lobianon. Bertan, betiko azalpenez gain, aurreko edizioko argazkiak ikusi ahal izango dira. Gainera, bertaratutakoentzako luntxa izango da bukaeran. Azaroaren 8an hasiko dira taldeak biltzen. Bitartean, ezagutzen duguna kontatu dezakegu eta aurten euskal herri osoan erabiliko den leloa ondorengoa dela: Atera arbela kalera!
Antolatzaileen helburuak aurtengorako honako hauek dira:
- Iazko parte hartzaile kopurua gainditzea. Ez da erronka makala, iaz inoiz baino pertsona gehiago izan baitziren (75 hain zuzen)
- Partaideen zalantzak argitzeko "zalantza dantza" izeneko zerbitzua abian jartzea.
- Ermuarrez berba egiteko esatzen den talde kopurua handitzea, iaz talde bakarra izan zen.
Antolatzaileek edizio honetan euskara ikasi edota ikasten diharduen horiek guztiak animatu nahi ditu, ikasitakoa kalean eta etxean ere (euskaltegietatik kanpo) erabil dezan. Jakina, horrek ez du esan nahi Berbalagun proiektuak euskara ikasleak soilik hartzen duenik. Ez horixe, Berbalagun euskararen praktika bultzatzen duen egitasmo orokorra baita, horrenbestez, euskaldun guztiak barne hartzen baititu, euskara ikasle, hiztun euskaldunberri edota euskaldunzahar izanik ere, guztiekin kontatuz.
Berbalagunen izena emateko nahikoa da euskaraz aritzeko gogoa izatearekin, programa bera doakoa da eta. Gainera aurtengoan zerbitzu gehiago prezio berean, zero eurotan! Informazioa jasotzea eta izena ematea, udalerriko euskaltegi bietan (Udal euskaltegian zein Kaltxango AEK) zein Euskara Sailean edota Euskal Birusa elkartearen egoitzan egin daiteke. Edota are errazago, ondoko e-postara mezua idatzi: ermua_berba@aek.org, horretan izen-abizenak, Nortasun Agiriaren zenbakia, telefonoa eta e-posta eta aritu nahi duzun ordua eta eguna adieraztearekin nahikoa da.
Lotutako albisteak
‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko
