Kameratoiaren seigarren edizioa Ermuan egingo da

26.10.10
Euskara

Azken bost urteotan bezala, aurten ere KAMERATOIA Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Rallya antolatu dute Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta Ermuko Udalak, Ermuko Euskal Birusa Euskara Elkartearen eta EiTBren laguntzaz. Antolatzaileek Eusko Jaurlaritzaren zein Bizkaiko Foru Aldundiaren Gazteria Zuzendaritzen babesa dute. Berriturik datorkigun KAMERATOIAren seigarren edizioa Ermuan izango da, urriaren 30ean eta azaroaren 6an.

Lehiakideek bost egun izango dute bost eta hamar minutu bitarteko bideoa grabatu, editatu eta aurkezteko. Guztira 3.600 euro banatuko zaizkie, hurrenez hurren, lehen hiru sailkatuei.Kameratoira aurkeztutako lan guztiak Creative Commons Aitortu eta Partekatu lizentziapean banatuko dira, beraien zabalkundea erraztu eta areagotzeko.

Lehiaketaren helburua gazte euskaldunen sormena bultzatzea da. Horretarako, argazki-rallyen mekanikan oinarrituta, orain arte hamar orduko epea ematen zitzaien parte hartzaileei egunean bertan ezagutarazten zen gaia eta zenbait ezaugarri emanda, hiru minutuko bideoak jendaurrean aurkezteko. Mekanika horrek oso emaitza onak eman baditu ere, parte hartzaileek beti eskatu izan dute denbora gehiago, lanak oraindik kalitate are hobeaz aurkeztu ahal izateko.

3600 euro banatuko saritan: 1.500. 1.200 eta 900 hurrenez hurren lehen hiru sailkatuei

Eskari horiei erantzunda, Topaguneak aldaketa nabarmena egin du aurten KAMERATOIAren iraupenari dagokionez: lehiaketa urriaren 30ean hasiko da Ermuan, eta egun horretan bertan jakingo dute lehiakideek zeintzuk diren bideoetan erabili beharreko gaia eta ezaugarriak. Hortik aurrera, taldeek bost egun izango dute, azaroaren 3ra arte, lanak aurkezteko. Aldaketa horren arrazoi nagusiak bi dira: batetik, lehiakideei denbora gehiago ematea ekoizten dituzten lanen kalitatea are hobea izan dadin. Bestetik, epaileei ere denbora gehiago ematea lanak lasaitasunez aztertzeko, eta lehiakide kopurua mugatu beharrik ez izatea. Orain arteko formulak (lanak sortu, proiektatu eta aukeratzea egun berean egiteak) derrigorrez eskatzen zuen lehiakide kopurua murriztea, kudeaketa bideragarri egiteko. Orain berriz, tarte gehiago dago nahi duen beste taldek parte hartu ahal izateko.

Kameratoilariek bigarren hitzordu bat izango dute, azaroaren 6an, orduan egingo baita sari banaketa. Aurreko edizioetan bezala, hiru sari izango dira lanik onenentzat, 1.500, 1.200 eta 900 eurokoak.

Ermua VI. edizioaren egoitza izango, Eibar, Laudio, Elgeta, Donostia eta Bermeoren ondoren

Eibarren, Laudion, Elgetan, Donostian eta Bermeon parte hartu zuten gazteek argi utzi duten moduan, gazte euskaldunen artean badago hori eta gehiago ere egiteko irudimena eta gaitasuna. Halaxe erakusten dute urtez urte teknika zein eduki aldetik etengabe hobetuz doazen lanak. Azken bost urteotan 518 lagunek hartu dute parte KAMERATOIAn, eta guztira euskarazko 93 ikus-entzunezko sortu dituzte.

Parte hartzeko baldintzak ez dira gehiegi: gazte euskalduna izatea (lanak euskaraz aurkeztu behar dira eta), bideoa ekoizteko kamera, ordenagailua eta beharrezko tresneria izatea, eta epearen barne izena ematea.

Amaitzeko, egunean sortutako pieza guztiak Creative Commons Aitortu – Partekatu lizentziapean zabalduko dira. Eduki kulturalak erabiltzeko lizentzia horrek, copyright ezagunak ez bezala, sormen lanen zabalkundea errazten du, baimena ematen baitu nahi duen edozeinek edukiok zabaldu, berrerabili eta haietan oinarrituta lan berriak sortzeko, beti ere jatorrizko egileak aipatzeko eta eratorritako lanak baldintza berdinetan partekatzeko betebeharrarekin. Topaguneak berak aukera hori aprobetxatu du azken urteetan, KAMERATOIAn sortutako hainbat bideo herriz herri doan Film Laburren Zirkuituan txertatzeko.

Aurrekoetan bezala, Kameratoiak webgune propioa du aurten ere. Bertan, lehiaketaren oinarriak, aurreko edizioetako lanak, izena emateko aukera eta beste hainbat jakingarri aurki daitezke. Honako hau da bere helbidea: http://www.kameratoia.com

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Euskaraldia’ hastear, ostegunetik hasita hamar egunez

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua
Imagen
09.05.25
Debre Berhan herri Etiopiarreko ordezkariak Ermuan ditugu

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera
Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik