‘Lapikotxiki, kantuz kulunkatzen’ tituluko haur materialaren aurkezpena

01.02.11
Euskara

Estibalitz Gonzalez Solazabalek gauzatu duen azken lana dugu, "Lapikotxiki, kantuz kulunkatzen" titulukoa. Orain gutxi argitaratutako liburua eta DVD-a, hain zuen ere. Izenari erreparatuta ez dadila inor erratu, ez baita errezeta-liburua. Ez horixe! Iturri tradizionaletik edan eta han-hemenka ibilita jaso eta bildutako 0tik 2 urtera bitarteko jaioberri eta umeentzako kantu bilduma paregabea baita. Umeen argazki ederrez jantzita dagoena. Liburua ...eta Kitto! Euskara elkarteak argitaratu du, Eibarko Udalaren babesarekin. Liburua hitz eta esamolde goxoz, abesti eta jolasez josita dago, aukeratu duen bakoitzaren testuinguru eta helburu edo erabileraren azalpen zehatza eskaintzen duelarik. Horrez gain, abesti guztiak musikaturik daude, pentagramako notak eta letrak ere eskainiz. Laburbilduz, inolaz ere galtzen utzi behrko ez genukeen altxorra. Letrak eta ikus-entzunezkoak uztartu dituen lan honek, egilearen azken hamar urteko zeregina da, proiektua orduko udal euskara teknikari zen Fernando Muniozgureni aurkeztu baitzion 2001eko apirilean.

Obra hori bihar aurkeztuko da, otsailaren 2an, Eibarko PORTALEko Areto Nagusian, 18:00etatik aurrera. Aurkezpen ekitaldia irekia eta doakoa izango denez, zabalik dago nahi duen guztiarentzat. Egilearekin batera bertan izango dira Kultura eta Euskara sailetako zinegotzi Mari Jose Telleria eta, baita ere, …Eta kitto! Euskara Elkarteko presidente Juan Domingo Barahona. Eibarko Udalak 1500 ale argitaratu ditu eta aurrerantzean hirian seme/alaba edukitzen duten guraso berriei oparitzeko erabiliko du, hain zuen ere. Obra oso aproposa da ume jaioberriak edo adin tarte horretako umeak dituzten guraso guztientzat. Estibalitz gurekin izan dugu gaur goizeko lehen orduan, aurkezpen ekitaldiaren berri emateko. Guk, gurekiko izan duen detailea estimatzen diogu bihotzez eta albistea merezi zuela iritzita, webgunean jasotzen dugu, guztioi horren berri eman eta jakitun izan zaitezten. Bildumaren egilea ‘ondo pozik’ sentitzen zela adierazi digu, “momentuz berau disfrutatu” nahi zuela eta “gero gerokoak” azpimarratuz, hurrengoko erronka zein izan den galdetu diogunean. Dena den, ezagutzen dugunok, jakin badakigu ez dela luzaroan geldirik egongo, ‘ipurterre hutsa’ baita. Estibalitz LHko irakaslea da, Herriko Euskal Birusa euskara elkarteko kide eta ''Drogotenitturriko'' aldizkariko artikulugile dugu, eta Eibarko ...''Eta kitto'' elkarte eta aldizkariarekin ere kolaboratzen du sarri.

"Lapikotxiki, kantuz kulunkatzen" lanak Libe Gisasola Atxa umea du ardatz eta protagonista, benetako beste edozein ume izan litekeena. Egileak lana hamaika lerro edo esalditan aurkezten du, liburuari jarritako hitz edo titulua osatzen duten grafietatik abiatuta. Lapikotxiki, makina bat aldiz nagusiei ume ginean entzundako hitza da. Lapikotxiki ezer gordetzen ez dakienari, dena kontatzen duenari, esaten zaio, edo esaten zitzaion; izan ere, gaur egun nahiko galdua baitago esamolde hori, beste asko bezala. Liburuak Eibarko alkate Miguel de los Toyosen hitzak jasotzen ditu, eta baita ere, …Eta kitto! Euskara Elkarteko presidenterenak. Juan Domingo Barahonak dioenez liburua proiektuaren azken emaitza da “post-it hori batean zegoen ideiatxoak, aldizkariaren jauzia egin eta gero, inork espero baino borobilagoa egin du azkenengo bidea (liburu eta DVDa uztartuz)”.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Euskaraldia’ hastear, ostegunetik hasita hamar egunez

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua
Imagen
09.05.25
Debre Berhan herri Etiopiarreko ordezkariak Ermuan ditugu

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera
Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik