Korrika, Elexpuru eta Iantzi ekarriko dizkigute Berbetan jardunaldiek bere XII. urteurrenean

15.03.11
Euskara

Euskararen inguruan hausnarketa egiten segitzeko Berbetan jardunaldiak izango ditugu aste honetan Ermuan. Euskal Birusa Elkarteak, Udal Euskaltegia, Kaltxango AEK, Ikastola Anaitasunak eta Eskolabarri ikastetxearekin lankidetzan antolatzen dituen jardunaldi hauek aurten XII. urteurrena betetzen dute. Hamar urte pasatxo hauetan euskararekiko ditugun kezkak argitzen laguntzeko, hainbat eta hainbat lagun ekarri izan dituzte gure artera.

Aurtengo jardunaldiak, Korrika izango dute hizpide eta abiapuntu. Asteazken honetan (martxoak 16) hasiko dira Korrika 31 urte 17 pausotan izenburupeko hitzaldiarekin. Bertan Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusia eta Edurne Brouard Korrikako koordinatzaile nagusia izango dira eta 19:00etatik aurrera, Lobiano Kulturgunean. Biek Korrika ekimenaren inguruan izan diren bizipenak kontatuko dizkigute.

Pausoz pauso, urratsez urrats, Korrika 17ren lekukoak bi mila kilometrotik gora egingo ditu berriz ere, milaka euskaltzaleren eskuetan. Apirilaren 7an hasiko da Trebiñun (Araba), eta apirilaren 17an iritsiko da Donostiako Bulebarrera. Ermuan izango dugu martxa herrikoi hori apirilaren 13tik 14rako gauean, “Maitatu, ikasi, ari... euskalakari” lelopean.

Bigarren hitzaldia Juan Martin Elexpururen eskutik etorriko da eta euskarak duen Hika tratamenduari buruzko azalpenak emango ditu. Juan Martin Elexpuru idazlea da, Euskal filologoa ikasketaz eta irakasle ofizioz, Ermuan inguruan egiten den hikari buruzko aditua. Lagun arteko hizkera honek dituen bereiztasunak azalduko dizkigu martxoaren 22an, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Lobiano Kulturgunean.

Amaitzeko, jardunaldi hauetako hirugarren hitzaldia Julian Iantzik aurkezle ezagunak eskainiko digu. Egitaraua gazteen parte-hartzearen araberakoa izango da. Hala ere, hitzaldia bi zatitan banatzea aurreikusten da. Aurreneko zatian Julian Iantzik egingo du aurkezpena eta gazteei azalduko die euskara jakitea ez dela nahikoa, ezinbestekoa dela erabiltzea. Bigarren zatia, berriz, guztiz dinamikoa izango da. Iantzi gazteekin elkarrizketan arituko da eta bere asmoa gazteek euskara naturaltasunez egitea izango da, gaia edozein izanik ere. Gazteek nahi dutena galdetu ahal izango dute; ez du derrigor euskararen ingurukoa izan behar, gazteentzat erakargarriak diren gaiak lantzea da helburua.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Euskaraldia’ hastear, ostegunetik hasita hamar egunez

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua
Imagen
09.05.25
Debre Berhan herri Etiopiarreko ordezkariak Ermuan ditugu

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera
Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik