Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren bosgarren edizioak lehen hilabetea bete du
Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren bosgarren edizioak lehen hilabetea bete du. Topaguneak , Euskara Elkarteen Federazioak, egitasmoa apirilaren 23an hasi zuen, egitasmoaren nondik norakoak Donostian aurkeztu ondoren. Irakurketa sustatzeko asmoz sortu den egitasmoa Hego Euskal Herriko 12 herritan gauzatzen ari da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:
- Irakurri: Lehenengo pausua euskaraz irakurtzea da. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea eta irakurtzea.
- Gozatu: Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa erraz bat bete beharko da. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
- Oparitu:Azken pausua liburua norbaiti oparitzea da. Liburutegian jasotako txartelarekin, prezioaren %25 ordaindu ahal izango dugu Xiripot eta Maribel liburu dendatan euskarazko beste edozein liburu erostean, edo %50 Euskal Birusa Elkarteko kidea izanez gero.
Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da
Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratu nahi izanik. Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez:
Batetik, Euskara Elkarteetako bazkide diren euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea. Bigarrenik, era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea. Eta, azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.
Hasiera, Liburuaren Egunean
‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ egitasmoa apirilaren 23an hasi zen, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Amaiera, berriz, uztailaren 23an izango du: izan ere, uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea. Esan bezala, kanpaina 12 herritan dago martxan, tokian tokiko Euskara Elkarteek sustatuta. Ermuan, Euskal Birusa da sustatzailea eta ermuarrok egitasmoaz baliatzeko aukera izanen dugu udal liburutegiaren, Xiripot eta Maribel liburu denden elkarlanari esker.
Horrez gain, udal liburutegiak zozketa bat egingo du egitasmoa martxan egongo den hiru hilabeteko bakoitzean, hau da, maiatza, ekaina eta uztailean, maileguan hartutako liburua itzulitakoan irakurle-fitxatxoa beteko dutenen artean. Sariak 30 €ko balioa izango duen erosketa-txeke bat eta hiru liburuko sorta bat izango dira.
Lotutako albisteak

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.