Berbalagun proiektuak 10 urteko ibilbidea bete du
Euskaltegian ikasitako euskara bestelako egoera eta lekuetan praktikatzeko aukerak sortzeko jaio zen Berbalagun proiektua. Horrela, etxean euskara ikasitakoak eta eskolan edota euskaltegian ikasitako herritarrak batzen ziren. Planteamendua oso sinplea zen, hau da, lagun horiek astean behin ordu betez batu eta euskaraz aritzea. Horrela, bakoitzak bere euskara hobetzen zuen eta bide batez euskaraz aritzeko beldurra galdu eta erosotasuna lortu. Nahiz eta lanean jarraitu behar, antolatzaileak hamar urte hauetan helburua lortu dutelakoan daude. Berbalagunek euskaldunen harreman sarea herrian trinkotzen lagundu du eta horrek kalean ere euskaraz gehiago egitea eta entzutea ekarri du.
Hamar urte bai, baina oraindik ere indartsu dabil Berbalagun, gogotsu eta erronka berriei ekiteko prest eta horretarako, gune berriak irabazteko lanean dihardu. Horrela bada, aurten, iaz hasitako hazitxoa garatu nahi du. Ohiko taldeez gain, gurasoek osatutako taldeak ere martxan jarri nahi ditu. Gaur egungo guraso asko eta askok nahiko euskara maila ona dute eta gainera umea euskal eredutan matrikulatuta egonda, euskaraz egin nahi dute, baina, bultzadatxo bat behar dute. Berbalagunek gurasoek osatutako taldeak martxan jarriko ditu, umea jaso aurretik edo ostetik batuko direnak, euren artean poliki-poliki euskaraz aritzeko ohitura hartuko dutelakoan. Eta jakina, umeek ere asko eskertuko dute, gurasoak eredu baitira eta sarri eurek egiten dutena egiten baitute.
Aurtengo matrikula urriaren lehen aste honetan zabalduko da eta laster postontzietan informazio guztia batzen duen hiru-orrikoa jasoko dugu herritarrok. Izena emateko, aurreko urteetan legez, herriko Udal Euskaltegian, Kaltxango AEK, Euskal Birusan zein Euskara Sailean egin daiteke. Emailez izena eman nahi duena ermua_berba@aek.org helbidera idatziz egin dezake.
Lotutako albisteak

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago

Azken urtean Udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko liburua izan da