‘Ibai Lagun 2011’, Deba eta Ego ibaiak berreskuratzeko boluntarioen programa
Debegesako Garapen Jasangarriko departamentuak herritar guztiei dei egiten die ekimenean boluntario izan eta parte har dezaten.
Ermuan Ego ibaia garbituko da azaroaren 6an; boluntarioek izena eman dezakete urriaren 31ra arte.
“Bizigura” Deba eta Ego Ibaiak Berreskuratzeko eta Balioa emateko Programa Integralaren baitan, Debegesako Garapen Jasangarriko departamentuak Ibai Lagun izeneko ekimena abian du, Deba eta Ego ibaiak berreskuratzeko boluntarioen programa. Honek ibaiarekiko eta bere natur balioarekiko sentsibilizazioa sustatzeko xede du, eskualdeko herritar boluntario guztien partaidetzaz gain.
Programak bi lan-ildo ditu: batetik, espezie inbaditzaileen identifikazioa eta, bestetik, azaroan Deba Ibaia eta bere ibaiadarrak Garbitzeko I. Jardunaldiak.
Deba Ibaia Garbitzeko I. Jardunaldiak
Azaroan, Deba Ibaia Garbitzeko I. Jardunaldiak gauzatuko dira eskualdeko 8 herrietan. Deba ibaian hondakin eta mota guztietako zaborra pilatzen da. Horren gainean sentsibilizatu asmoz, Debegesako Garapen Jasangarriko departamentuak Deba ibaia garbitzeko lansaioak antolatu ditu azaroaren 6rako eta 13rako. Horretarako, boluntarioen taldeak osatu nahi dira eskualdeko 8 udalerrietan.
Ibaia garbitzeko lan-saioak txandaka egingo dira, honako eskemari jarraiki:
- Azaroaren 6an: Eibar, Mallabia, Ermua eta Soraluzen.
- Azaroaren 13an: Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutrikun.
Debegesako Garapen Jasangarriko departamentuak dei egiten die eskualdeko herritar eta boluntarioei izena eman dezaten. Horretarako, 943 82 01 10 telefonora dei dezakete edo riodeba@debegesa.com helbidera idatzi, urriaren 31a baino lehen. 18 urtetik beherakoak heldu batez lagunduta joan beharko dute.
Espezie inbaditzaileen identifikazioa
Deba eta Ego ibaietan ugaldu diren espezie inbaditzaileak aurkitzen laguntzeko deialdia ere egin du Debegesak. Landare inbaditzaileek geure ibai bazterretan kalte handiak eragiten dituzte, hala nola, paisaia eraldatzen dute eta galera ekonomiko handiak sortzen dituzte azpiegiturak eta hiri-kanalizazioak hondatzen baitituzte.
Hiru dira Deba eta Ego ibaietan errotik kendu nahi diren landare inbaditzaileak: Cortaderia selloana, Buddleja davidii eta Fallopia japonica. Interneten, Debegesaren atarian, informazio osoa eta landareen argazkiak jaso daitezke, identifikatu ahal izateko.
Espezie inbaditzaileren bat topatuz gero, herritarrek 943 82 01 10 telefonora dei dezakete edo email bat idatzi riodeba@debegesa.com helbidera, landarea non dagoen adieraziz.
Sariak
‘Ibai Lagun 2011’ programan parte hartzen duten herritar guztien artean honako sari hauek zozkatuko dira: mendiko GPS bat eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen eskutik Flyscha ikusteko bi pertsonentzako bisitaldia itsasontziz.
Lotutako albisteak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da

Ermuak bat egingo 2025 Planetaren Orduarekin eta bihar argiak itzaliko ditu 20:30etatik 21:30etara

Apirilaren 2tik aurrera txartel marroi berri bat beharko dugu Ermuan hondakin organikoak bota ahal izateko