Ermuan bere arrastoa utzi du Kepa Junkerak, berriz ere bueltatuko dela aginduz

21.11.11
Gizartea

Kepa Junkera konpositore, produktore eta musikariak bere arrasto artistiko eta humanoa utzi zigun Ermuan ostiralean. Maisua Ermura iritsi zen Portuglaeko Oporto herritik zuzenean, bertan astea lanean eman ondoren. Katarro eta gripeak jota etorri zen arren, hurbiltasun eta naturaltasun dohainak dituela erakutsi zuen, musikan handia izan arren inolako jainkotasun kutsurik gabe. Herriko kaleetan ibili zen, bertako hainbat denden erakusleihoak bisitatu zituen nola apainduta zeuden ikusteko eta tabernatara ere hurbildu zen.

Udal merkatuan opariez gain benetako musika zale eta jarraitzaileen berotasuna jaso zuen. Merkatuan momentuan utzitako akordeoiarekin pieza bi jo zituen, bertaratutakoen gozamenerako, ez baitzuen instrumenturik ekarri. Herritarrek sinadura egiteko eta berarekin argazkiak ateratzeko egin zitzaizkion eskera ugariak irribarretsu eta gogo onez hartu zituen. Musikari bilbotarra gustura egon zen gure artean, zaleek erakutsi zizkioten maitasun eta laztanak biziki eskertuz. Hori horrela, martxoan Ermura bueltatuko dela agindu zuen, musika eta abesti gehiago jotzera eta denbora luzeagoa ematera.

Kepa Junkerak jada hamazortzi lan kaleratu ditu. Azkena, oraintsu aurkeztu berri duenari, ‘Coloniales y ultramarinos’ titulua jarri dio. Junkerak Folk album onenaren Gramy saria jaso zuen 2004an, ‘K’ tituluko diskoari esker. Junkera musika bere kasa ikasi eta landu du, geldiezina eta ausarta da eta musika tradizionalaren barna ibilbide luzea darama, estilo propio eta bide pertsonala jorratuz. Horri guztiari esker, nazioartean ospe eta izena lortu duen euskal musikaria da.

Ermuko Merkatari eta Ostalarien elkarteak (EMOEk), udal Merkatu plazakoak eta gure udalak musikaria omendu zuten ostiral arratsaldean. Omenaldiaren bidez herriko merkatariek beren eskerrona agerrarazi nahi zioten bilbotarrari, hark txikizkako eta ohiko merkataritzarekiko agertu duen aldeko jarrerarengatik. Junkerak bere azken diskoari ''Ultramarinos y coloniales'' titulua jarri izan baitio, hori Bilbo zaharreko denda batean aurkeztu zuelarik, zazpi kaleetako merkatari eta dendarien lana aitortu eta hori aintzat hartuz. Ostiraleko omenaldia ‘Bezeroaren asteko’ ekitaldiaren barne txertatzen zen, zeinari eman zitzaion amaiera, egun osoan zehar Irulitxa fanfarrea protagonista izanik.

Lotutako albisteak

Imagen
23.05.25
Lobianoko Erabilera erregelamenduari buruzko kontsulta publikoa zabalik da

Herritarrok ekarpenak egin ahal izango ditugu datorren ekainaren 10era arte
Imagen
23.05.25
Udako igeriketako ikastaro trinkoak haurrentzat

Ermua Kirolakek uztailerako ikastaroak antolatu ditu, modu dibertigarrian igerian ikasteko
Imagen
22.05.25
Zailtasun dituztenen etxebizitzak birgaitu edo egokitzeko eta etxeko ekipamendua erosteko laguntzak hasita

Baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonentzat, hileko diru-sarreren arabera