Berbetan, euskaren inguruko gogoetak
Martxoan izango den euskaren inguruko gogoetak bultzatzen dituen Berbertan jardunaldiko egitaraua itxi da. Udal euskaltegia, AEK, Euskal Birusa Kultur elkartea eta herriko Eskolabarri eta Anaitasuna ikastetxeek, dagoeneko, zehaztu dituzte Ermura etorriko diren hizlariak:
Martxoak 6an, Iñaki Eizmendik bi hitzaldi eskainiko dizkie bertaratzen diren guraso guztiei, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Hori dela eta nahiz eta mezua antzerako izan, hartzailearen arabera azaltzeko modua aldatuko du eta entzuleek euskararen inguruan maiz izaten dituzten kexkak argitzen ahaleginduko da. "Euskararen erabilera, nola lagundu seme-alabei erabil dezaten" izenburua du euskarazko hitzaldiak eta "No sabemos euskera, como ayudar a nuestros hij@s para que sean bilingües" gaztelaniazkoak. Orain dela urte batzuk, Gizarte Hezitzaile hau Ermuan egon zen hitzaldi bera ematen eta benetan gurasoen artean oso harrera ona izan zuen, oso hitzaldi praktikoa eta atsegina. Honen inguruan, urtero ikastetxeen bitartez Euskara Sailak "Ume elebidunen gurasoentzako eskuliburua" banatu ohi du 5 urteko gurasoen artean.
Martxoaren 20an "Euskararen etorkizunari buruzko iragarpena" izenburupeko hitzaldia eskainiko dute Urko Aristi ETBeko eguraldiaren aurkezleak eta Maite Artola Euskadi Irratiko esatariak. Kazetari bi hauen eskutik gerora begira euskarak izan dezakeen etorkizunaz mintzatuko dira, euren esperientziak eta iritziak bertaratuko diren guztien artean konpartituko dituzte Lobiano Kulturgunean arratsaldeko 19:00etan.
Martxoaren 22an, jardunaldi hauetako azkeneko hitzaldia dugu. Oraingo honetan, "Bidaia Intimoak" izeneko dokumentala proiektatuko da eta horren zuzendaritzaz arduratu den Jon Maia izango dugu. Lau lagunek euskara ikasteko erabakiaren eta prozesuaren gainean egindako filma da eta dokumental honetan ageri diren Mixele, Rami, Jesus Mari eta Tereixaren bizitzetan euskaldun asko eta asko identifikatuta sentituko direla uste dugu, beraiek euskaraz bizi nahi dugunon herrira egindako ibilbidea milaka lagunek egin dutenaren antzekoa izango baita ziur aski. Lau lagunek euskara ikasteko erabakiaz eta prozesuaz jardungo dute.
Hitzaldi guztiak Lobianon Kulturgunean izango dira eta hitzaldi sortu honekin Berbetan Jardunaldiko XII. edizioa beteko da, urtez urte ermuarrok euskararen inguruan ditugun zalantzak eta gogoetak biltzeko asmoa betez.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik