Irakurzaletasuna sustatzeko 'Irakurri, gozatu eta oparitu' egitasmoa zabalik

30.04.13
Euskara

Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat, hasi da “Irakurri, gozatu eta oparitu” kanpainaren zazpigarren edizioa. Euskal Herriko 24 herritan gauzatuko da, iaz baino 9 herri gehiagotan, eta ekainaren 30era arte luzatuko da. Irakurzaletasuna sustatzeko asmoz, Euskara Elkarteak, udal liburutegiak eta liburu dendak elkarlanean jarri dira.

Euskaltzaleen Topaguneak Irakurri, Gozatu eta Oparitu egitasmoaren zazpigarren edizioa jarri du martxan, zenbait euskara elkarte, udal liburutegi eta liburu dendarekin batera, eta hainbat Udal, Eusko Jaurlaritzaren kultura saila zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin.

Euskal Herriko 24 herritan egongo da ekainaren 30era arte. Irakurzaletasuna bultzatzea xede duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria azpimarratuz. Aurten gorakada izan du egitasmoak, iaz baino 9 herri gehiagotan jarriko baita martxan. Egitasmoa tokian tokiko euskaldunon elkarteen, udalen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker abiatuko da, eta herrietako eragileen arteko harremana bultzatzea ere badu helburu.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira:

  • Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da; euskaraz irakurtzea. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.
  • Gozatu. Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun eta abar. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
  • Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen erosketaren %25a ordaintzeko aukera izango dugu, %50a euskaldunon elkartearen kidea izanez gero.

Liburuaren Nazioarteko Egunean hasita, bi hilabetez

Apirilaren 23an abiatu da aurten ere “Irakurri, Gozatu eta Oparitu” egitasmoa, zeina ekainaren 30era arte iraungo duen. Uda aurreko hilabeteak baliatzen dira egitasmoa sustatzeko, liburuen irakurketarako garai egokia baita.

Gurean eta Euskal Birusa elklartearen eta udal liburutegiaren laguntzari esker, beste behin, egitasmoa Mallabia eta Ermura iritsiko da.

Aurreko urteetan ikusi denez, kanpainak eragin positiboa du herritarrek liburutegi publikoan egiten duten euskarazko liburu mailegu erabileran. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat da euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina ere kontuan hartzekoa da.

Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren inguruan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Egitasmoak aipatu administrazioen babesaz gain, honako argitaletxeen laguntza jasotzen du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Euskaraldia’ hastear, ostegunetik hasita hamar egunez

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua
Imagen
09.05.25
Debre Berhan herri Etiopiarreko ordezkariak Ermuan ditugu

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera
Imagen
05.05.25
‘Oporretan Jolas’ ekintzetan izen ematea zabaltzear

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik