Urkora ezetz iritsi 69 minutu zehatzetan
Artarrai Mendi taldeak larunbat honetan –uztailaren 19an- gauzatuko du Urko-69 mendi proba bitxia. Bitxia, txapelduna Urkora 69 minututan heltzen dena izango delako. Patxi plazatik irten eta Urkora 69 minututan heltzea askori ez zaie zaila gertatuko, denbora hori, gutxi gora behera Urkora igotzeko behar dena baita. Baina, probaren ezaugarri nagusia, ibilbide osoan erlojurik ez erabiltzea –ez eta denbora neurtzeko beste gailuz baliatzean datza. Antolatzaileek proban parte hartzeko betebehar hori jarriko baitie partaideei guztiei eta gainera, 69 minutu baino lehen heltzen dena deskalifikaturik izango da. Beraz, partaideak fin-fin ibili beharko dira denbora zehatz horretan sartzeko.
Artarrai Mendi taldeak proba hau herriko jai-egitarauan sartzen duen seigarren urtea da eta mendian ere jai giroa suspertzea du xede. Proba "porra" bat balitz moduan planteatzen du, horrela goizeko 10:00etan Patxi plazan biltzen diren partaideek euro bana jarriko dute eta irabazleak batutako diru guztia bereganatuko du.
Guk Artarrai taldearen blogera joan eta bertatik edan dugu xehetasun guztiak ezagutu eta lau haizeetara kontatzeko xedez. Bertan probaren oinarriak hartu ditugu, jarraian eskaintzen dizkizuegularik. Oinarriak ondorengoak dira:
- Proba Patxi plazatik Urko gainera norberak aukeratzen duen ibilbidetik, oinez eta 69 minututan heltzean datza.
- Parte hartzaileek ezin dute erlojurik, ez telefonorik eraman, ez ta denbora neurtzeko beste inolako gailurik erabili (esaterako jendeari galdetu, argazki makinan begiratu... eta abar).
- Inskripzioa euro batekoa da eta 10:00etan zabalduko da Patxi plazan.
- Parte hartzaileek antolatzaileak irteera eman ostetik irtengo dira denak batera Patxi plazatik.
- Urko puntara 69 minututan (edo erreferentzia horretatik gertuen) heltzen denak irabaziko du proba.
- Denbora honetan baino arinago heltzen dena deskalifikaturik geldituko da.
- Nahi beste geldialdi egin daitezke, baina Urko puntatik 20 metrora jarriko den kontroletik aurrera ezin izango da geldialdirik egin (derrigorrez pasatu beharreko puntua da hau parte hartzaile guztientzat).
- Parte-hartzaileak puntara banan-banan sartuko dira.
- Sari bakarra: izen-ematean jasotako txanpon guztiak.
- Eztabaidarik edo zalantzarik egonez gero antolatzaileek esandakoa aintzat hartuko da, salbuespenik gabe.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik