Mila sinadura Ermua eta Donostia arteko autobus zerbitzu hobea eskatzeko
Garraio publikoko erabiltzaile talde batek mila sinadura inguru bildu ditu Ermuan, Gipuzkoako hiriburua eta gure herria lotzen dituen autobus zerbitzua hobetzeko eskatzeko.
Taldearen arabera, pasatu den martxoaren 1ean PESAk zituen lineak Euskotrenek hartu zituenetik, hobera egin beharrean, zerbitzua okertu egin da. Erabiltzaileek zehaztu dute egunean zuzeneko hiruzpalau autobus baino ez daudela Ermua eta Donostia artean, eta sarritan Eibarrera joan behar izaten dutela zerbitzuaz gozatzeko. Hori dela eta, autobus guztiak Ermutik atera eta Ermuraino iritsi beharko luketela uste dute.
Gainera, kolektiboak egoera penagarriak bizi izan dituztela salatu du, besteak beste, bide horretarako baimenduta ez dauden hiriko autobusen erabilera, leku faltagatik zutik joan beharra, izorratzen diren eta bidaia osatzen ez duten autobus zaharren erabilera, edo autobusik ez agertzea.
Sinadura bilketak aurrera darrai Ermuko Kopy-fax eta Idoia dendetan. Taldearen helburua zerbitzua hobetzeko eskaera Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundiei eta Arartekoari aurkeztea da.
Lotutako albisteak
Euskararen Egunean, egindako jaialdian Ermua Antzokian
Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean