Ibilaldi Osasungarriei berrekingo die Ermuak ostegunetik aurrera

15.09.15
Kirolak

Ermuko Udalak pasatu den ekainean estreinatu ziren Ibilaldi Osasungarriak martxan jarriko ditu berriro, Kiroletako eta Gizarte Zerbitzuetako alorretatik garatutako Ermua Mugi! programaren bitartez.

Ekimen honen xedea zera da, ohitura osasungarriak eta bizimodu aktiboa bultzatzea. Horretarako, hiritarrak eguneko ariketa fisikoa egitera animatu nahi dira, bizi-kalitatea hobetu dadin. Bide horretan, Ermuko Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren, Debabarreneko Osakidetzaren eta herriko Osasun Zentroaren babesa du.

Udako atsedenaren ostean, ostegun honetan ekingo zaie berriro ibilaldiei. Ekaineko estreinaldian, egin ziren lau paseoetako bakoitzean 50 pertsona inguru bildu ziren. Ekimenaren arrakasta ikusita, datozen bi hilabeteetan beste zazpi ibilaldi egingo dira ostegunetan, aste honetan bertan hasita. Ordu eta erdiko ibilbideak izango dira, honako hauexek, zehazki:

  • Irailak 17: Zubiaurre-Sallabente, 3.410 metro
  • Irailak 24: Zubiaurre-Karabiaga, 3.810 metro
  • Urriak 1: Zubiaurre-Urtia, 3.160 metro
  • Urriak 8: Zubiaurre-Sallabente, 3.410 metro
  • Urriak 15: Zubiaurre-Karabiaga, 3.810 metro
  • Urriak 22: Zubiaurre-Urtia, 3.160 metro
  • Urriak 29: Zubiaurre-Sallabente, 3.410 metro

Txango guztiak goizeko hamarretan hasiko dira. Parte-hartzea doakoa da, eta Jarduera Fisikoaren Orientaziorako Tokiko Puntuko kirol teknikariarekin eta Ermua-Zaldibar Eguneko Ospitaleko boluntarioekin batera burutuko dira ibilaldiak. Gainera, bidea amaitzean, hamaiketako osasungarria eskainiko zaie parte-hartzaileei San Pelaio parkeko kioskoan, 11:30ean.

Integrazioa eta kontzientziazioa

Ermua Mugi! programako arduradunek gure udalerriko biztanleriari jakinarazi nahi diote kirola sarri egiteak eta elikadura osasuntsua izateak bizitza osasungarriagoa bermatzen dutela. Horretaz gain, baina, pertsonak gizartean barneratzea da ekimenaren xedeetako bat. Bakarrik bizi diren pertsonak edo besteak zaintzeaz arduratzen direnak konpainian ekintza sozial bat egitera animatu nahi dira horrela.

Gogorarazi nahi da, bestalde, Ermuko Zirkuitu Osasungarri Adimentsuen Sarean zehar dauden balizetan Hiribili eskumuturrekoa erabili daitekeela. Horri esker, erabiltzailearen aktibitatea Internet bidez kontsulta daitekeen fitxa batean gordeta gelditzen da. Egindako distantzia, denbora, abiadura, kontsumitutako kaloriak, eta abar biltzen ditu. Pultsera eskuratu nahi izanez gero, Miguel Angel Blanco udal kiroldegiko Jarduera Fisikoaren Orientaziorako Tokiko Puntura jo behar da.

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
‘Mugiment Pausu Erronka!’ hastear

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra
Imagen
06.05.25
Kirolari gazteen artean adikzioak prebenitzeko formakuntza saioak

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin
Imagen
05.05.25
2007tik 2012ra jaiotako gazteentzako doako areto-futboleko txapelketa

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke