Hasi dira Udal Liburutegiko taldeko ekintzak
Udal Liburutegiak ikasturtero proposatzen dituen formakuntza jarduerak eta ikakurzaletasuna sustatzeko ekimenak jarri dira martxan aste honetan, eta plaza gehienak bete dira jada.
Asteko lehen egunetan euskarazko, ingelesezko eta gaztelaniazko irakurketa klubak bildu dira. Euskarazkoan zein ingelesezkoan plaza batzuk daude oraindik; gaztelaniazkoan, aldiz, eskainitako 20 plazak bete dira. Euskarazko eta gaztelaniazko kluben dinamizatzailea Peru Magdalena idazlea da, eta ingelesezkoa Jessica Oleaga.
Aurten, berrikuntza gisa, gaztetxoentzako irakurketa kluba sortu du Liburutegiak. 9 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzako klub hau urriaren 14an, asteazkena, bilduko da lehenengo aldiz. Kasu honetan ere plaza guztiak bete dira eta itxaron-zerrenda dago.
Asteartean alemaneko mintzapraktika taldeko bilerak hasi ziren. Gaur, osteguna, frantseseko taldea bilduko da, eta ostiralean, ingelesekoa. Alemaneko taldeko dinamizatzailea ikasle alemaniar bat da, eta ingeleseko taldekoa, aldiz, ikasle estatubatuar bat. Liburutegia 2013-2014 ikasturtean hasi zen mintzapraktika taldeak antolatzen, eta eskari handiko jarduera da.
Halaber, asteazkenean, herriko KZGunearekin elkarlanean antolatuta, liburu digitalak eLiburutegia-tik deskargatzeko tailerraren bigarren saioa burutu zen. Horretaz gain, urrian eta azaroan pertsonalizatutako tutoretzak egingo dira eLiburutegia plataforma erabiltzen ikasteko. Izen-ematea KZGunean bertan egin daiteke ohiko ordutegian.
Lotutako albisteak
Saioa euskaraz izango da eta 17:30ean hasiko
Liburutegiak ospatzeko saio berezi bat antolatu du irakurketa tematikoko klub horretan
Liburutegiak antolatuta 2016 eta 2018 urteen artean jaiotako adingabeentzat