Espainiako Kopako buru jarraitzen du Aitor Hernandezek, garaipen bat eta bigarren postua eskuratuta
Aitor Hernandez txirrindulari ermuarrak menderaezin izateari utzi dio igande honetan Elorrion, Felipe Ortsen atzetik, bigarren postuan iritsi baita helmugara. Dena dela, Specialized – Ermua Impulso taldeko kirolariak garaipena eskuratu zuen larunbatean Ametzaga Zuian, eta Espainiako Kopako buru izaten jarraitzen du.
Txapelketako hirugarren lasterketa larunbatean jokatu zen Arabako Ametzaga Zuia herrian. Giro epelak eta lur lehorrak proba zaildu zuten, eta Felipe Orts eta Ismael Esteban izan ziren azkarrenak irteeran. Aitor Hernandez gero eta hobeto joan zen lasterketak aurrera egin ahala; hirugarren itzulian jo zuen erasoa, eta lehen postuan, bakarrik iritsi zen helmugara.
“Lasterketa gogorra izan da, zirkuitua zaila izateaz gain, beroa egin baitu”, adierazi zuen Hernandezek karrera amaitu ostean. “Amaierarako indarra gorde nahi izan dut, banekien-eta Felipe Orts oso indartsu zegoela eta atzean uzteko modu bakarra eraso egitea zela. Gainera, lurra oso lehor dago, eta bizikleta ez zen batere itsasten; beraz, erritmoa altua izanik, bakarrik ihes egitea zen aukera bakarra”, zehaztu zuen.
Denboraldiko zortzigarren garaipena lortuta, Elorrion izan zuen hurrengo erronka txirrindulari ermuarrak. Bertan lehiatu zen atzo 2015eko Espainiako Ziklokross Kopako laugarren proba, eta Felipe Orts valentziarra izan zen irabazlea. Hernandezek bigarren postuan amaitu zuen, eta txapelketako maillot horia janzten jarraituko du.
Atzo, beste behin, Felipe Orts eta Ismael Esteban izan ziren azkarrenak irteeran. Hernandezek bien erritmoa jarraitu ahal izan zuen lasterketaren hasieran, baina Ortsek eraso egin zuen eta Specialized taldeko txirrindularia irabazteko aukerarik gabe gelditu zen. Dena dela, hirugarren postuan joan arren, azken hiru itzulietan Estebanengana gerturatu eta bigarren amaitzea lortu zuen.
Sari banaketaren ostean, honela azaldu zuen ermuarrak: “Lasterketa zaila izan da, beroa egin du eta ez da nire egunik onena izan. Zirkuitua oso lehor zegoen, eta lasterketa azkarra izan da. Teknika oso garrantzitsua izan da, eta horrek mesede egin dio Ortsi. Sekulako karrera egin du eta benetan merezi izan du irabaztea, zoriondu egin nahi dut. Ni gustura nago puntuak eta podiumak gehitzen jarraitzeaz, ongi sentitzen naiz eta nazioarteko probak lehiatzeko gogotsu nago”.
Asteburu honetan beste bi proba lehiatuko dira. Lehena, larunbatean, Arbulon (Araba) izango da, eta bigarrena, igandean, Les Franqueses del Vallèsen. Azken hori C2 UCI mailakoa da, eta Espainiako Koparako puntuagarria.
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke