Kontsumobidek arretaz jokatzea gomendatzen du etxez etxeko koltxoien eskaintzarekin
Atsedenarekin eta osasunarekin lotutako produktuen etxez etxeko salmentaren arriskuez ohartarazi du Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak. Antza denez, zenbait pertsona iruzur egiten saiatu dira, Osakidetzako langile direla esanez, koltxoi terapeutikoak salduz.
Horrelako kasuen aurrean, herritarrei kontuz eta arretaz ibiltzeko eskatu die Kontsumobidek. Erakundeak gogorarazi du gehienbat adineko pertsonak bizi diren etxebizitzetara joan ohi direla iruzurgileak. Horren harira, dendetatik kanpoko salerosketetarako oinarrizko aholkuak eskaini ditu.
Hasteko, saltzailearen nortasuna ziurtatzea gomendatzen du, eta “mirari produktuen” aurrean jarrera arrazoitua eta kritikoa izatea. Zerbait erostekotan, kontratua sinatu aurretik lasai irakurtzeko eskatzen du, eta helbide gisa posta-kutxa soilik eskaintzen duten kontratuez ez fidatzeko.
Bestalde, erositako produktua aldatzeko edo itzultzeko aukerarik ba ote dagoen jakitea garrantzitsua dela adierazi du Kontsumobidek, eta ordainagiri guztiak gorde behar direla zehaztu du, etorkizunean edonolako erreklamazioak egin ahal izateko.
Horretaz gain, erakundeak azaldu du kontratuaren kopiaz gain, saltzaileek atzera egiteko agiria eskaini behar dutela. Horri esker, 14 egun naturaleko epean, kontratua bertan behera uzteko aukera izango du erosleak, eta ordaindutako dirua jaso ahalko du.
Aholku praktiko guztiak Kontsumobideren webgunean ikus daitezke.
Gogoratu Ermuan badugula Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoa (KIUB), Merkatuan. Gainera, bulego horrek 25 urte bete ditu aurten, eta ospatzeko, bi informazio hitzaldi antolatu ditu abendurako.
Lotutako albisteak

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan

Idazle ermuarrak 'Doña Olimpia y el canario' eta 'Supervaca y Supertopo' liburuak aurkeztu eta sinatuko ditu bihar Lobianon, 18:00etan

'Udabarria bertsotan' Lobianon ikusgai izango, osteguneko 18:30etatik hasita. Sei bertsolari arituko