Xarma eta elementu erakargarrienak ezagutzera emango ditu Debabarrenak FITUR azokan

15.01.16
Gizartea

Debabarrena eskualdea bere xarma eta elementu erakargarrienak mundu zabalean ezagutzera emateko egun gutxi barru Madrilen eginen den FITUR azokan egongo da. Nazioarteko Turismo Azoka -FITUR deritzana- urtarrilaren 20tik 24ra bitartean egingo da Madrilen. Aurten ere Debabarreneko eskualdeko ordezkaritza zabala izango da bertan, urtarrilaren 20an eta 21ean, ordezkari politiko eta teknikoez osatua, eskualdeko eskaintza turistikoa promozionatu eta aurkezteko Euskadiren standaren barruan.

Gainera, aurten inaugurazio egunean, urtarrilaren 20an, Euskadiren standean Euskal Kostaldeko Geoparkearen aurkezpena egingo da, Deba, Mutriku eta Zumaiak osatua eta berriki UNESCOren Munduko Geoparke izendatua.

Debabarreneko Turismo-eragile Publikoen mahaiko kideek eskualdean bisita teknikoa egin berri dute

Aste honetan Debabarreneko Turismo-eragile Publikoen Mahaiko kideek bisita teknikoa egin zuten eskualdera bertako baliabide turistiko nabarmenenak gertutik ezagutu eta Debabarreneko eskaintza turistikoaren ikuspegi orokor bat jasotzeko helburuarekin. Debabarreneko Turismo-eragile Publikoen Mahaian 8 Udaletako ordezkariak batzen dira, Geoparkeko eta Debemen elkarteko ordezkariekin, Debegesa garapen agentziaren koordinazio eta zuzendaritzaz.

Debegesak antolatu zuen bisita eta bertan parte hartu zuten Soraluzeko alkate Iker Aldazabalek, Mallabiko alkate Igor Agirrek eta Mendaroko alkate Sonia Garciak; Eibarko Udaleko Ogasun eta Garapen Ekonomikorako zinegotzi Alberto Albistegik; Elgoibarko Udaleko Kultura zinegotzi Andrea Arriolak eta Elgoibarko Kultura teknikaria; Ermuko udal Tokiko Garapenerako teknikaria; Mutrikuko Turismo Bulegoko arduraduna; Geoparkeko arduradun Leire Barriusok eta Debemen elkarteko Amaia Esnaolak.

Bisita Eibarren hasi zuten, Eibarko industria-ondarea eta oroimen historikoa gorde eta zabaltzea helburu duen Armagintzaren Museoa bisitatuz. Marina Barrena zuzendariak berak gidatu zuen bisita. Ondoren, taldeak Mendaroko Txokolateak fabrika bisitatzeko aukera izan zuen, 1850. urtetik betiko errezetak erabiliz txokolatea egiten duen enpresa familiarra. Lantegian 200 urte martxan daramatzan harrizko errota bat dute eta bertan lantzen dute kakaoa katiluan hartzeko txokolatea egiteko.

Mendarotik kostaldera, Mutrikura abiatu eta bertan Nautilus Interpretazio Zentroa ezagutu eta Monumentu Multzo izendapena duen alde zaharrean egin zuten bisita gidatua. Egunari amaiera emateko Arkugain elkarte gastronomikoan bertako produktuak dastatzeko aukera izan zuten.

Bisitan parte hartu zuten guztiak pozik geratu ziren ikusitakoarekin eta eskualdean daukagun baliabide turistiko eskaintza zabala ezagututa. Denak bat etorri ziren esanez bisitariari asko duela eskaintzeko Debabarreneko eskualdeak.

Lotutako albisteak

Imagen
22.05.25
Zailtasun dituztenen etxebizitzak birgaitu edo egokitzeko eta etxeko ekipamendua erosteko laguntzak hasita

Baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonentzat, hileko diru-sarreren arabera
Imagen
22.05.25
Munduko hizkuntzei buruzko erakusketa ikusgai Lobianon

Euskaraldiaren baitan, 9etatik 21etara doan bisitatu daiteke igandera arte
Imagen
22.05.25
'Txitxaun' taldeak '75 puñaladas' antzezlana aurkeztuko Antzokian

Ostiraleko 20:30etan, gazteleraz. Sarrerak 8 €uro balio du