Bost urte minbiziaren aurka bat eginda

09.02.16
Gizartea

Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen (AECC) Bizkaiko Batzordeak eta CIC bioGUNE biozientzietako ikerketa kooperatiboko zentroak duela bost urte batu zituzten indarrak. Minbiziarekin lotura duten sektore ezberdinen arteko elkarreragina eta dibulgazioa bultzatzea da aliantza estrategiko horren helburu nagusia.

Lotura horri esker, minbiziaren ikerketarekin zerikusia duten hedapenerako eta eztabaidarako ekimenak antolatu ahal izan dira.

CIC bioGUNE erakunde biomedikoa da, eta ikerketa aurreratua burutzen du diagnostikatzeko eta gaixotasuna tratatzeko metodo berriak aurkitzeko. Bestalde, AECC da minbiziaren aurkako borrokan gizartea zuzentzen duena, gaixotasunak duen eragina gutxitzeko eta pertsonen bizitza hobetzeko. Horretarako, informatzeko eta kontzientziatzeko ekimenak antolatzen ditu, eta kaltetuei babesa eta konpainia emateaz arduratzen da.

Lotura horren bosgarren urteurrena ospatzeko, gaur, asteartea, ekitaldi bat izango da Bilboko Alde Zaharreko Burtsa eraikinean. Arratsaldeko zazpietan hasiko da, aipatu eraikineko Ganbara aretoan, eta CIC bioGUNEk gaixotasunari aurrea hartzeko, atzemateko eta tratatzeko ikerketan izango duen estrategia aurkeztuko da.

Bertan izango dira Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, Jose Maria Mato CIC bioGUNEko zuzendari orokorra eta Gabriel Maria Otalora AECCko Bizkaiko Batzordeko gerentea.

Ikerlarien eta gizartearen arteko komunikazio foroa izateko asmoz antolatu da ekitaldia. Hori dela eta, Maria Luz Martinez-Chantar eta Arkaitz Carracedo CIC bioGUNEko ikerlariek hitzaldiak eskainiko dituzte minbiziaren aurkako ikerketan emandako azkeneko pausoak azaltzeko. Gainera, ekitaldira gerturatzen den orok gaiaren inguruko galderak egiteko aukera izango du.

Ermua ere gaixotasunaren aurka

Pasatu den otsailaren 4an Minbiziaren Aurkako Eguna izan zen, eta horren harira, Ermuko AECC taldeak zenbait ekintza antolatu ditu hil honetarako.

Ostegun honetan, otsailaren 11n, elkarteko kideek informazio mahaia ipiniko dute Orbe Kardenala plazan, 10:30etik 12:30era. Bertan, minbiziaren inguruko informazioa eta materiala banatuko da, “Bakarrik zaudela uste baduzu, ez gaituzu ezagutzen” lelopean.

Bestalde, datorren asteartean, otsailaren 16an, Minbiziaren kontrako V. Foroa eskainiko da Lobiano Kultur Gunean streaming bidez. 17:00etatik aurrera, nazioarteko eta estatuko kide esanguratsuek parte hartuko dute foro horretan ordu eta erdiz. “Minbizia duten pertsonekin bat” da ekitaldiaren izenburua, eta sarrera doan eta librea da nahi duen ororentzat.

Egingo diren ekimenei eta foroari buruzko informazio guztia esteka honetan topa daiteke.

Lotutako albisteak

Imagen
20.05.25
'La cita' eta 'La buena letra' asteko zine komertzialaren proposamenak

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan
Imagen
20.05.25
Txabi Arnalek azken bi argitalpenak aurkeztuko ditu Ermuan

Idazle ermuarrak 'Doña Olimpia y el canario' eta 'Supervaca y Supertopo' liburuak aurkeztu eta sinatuko ditu bihar Lobianon, 18:00etan
Imagen
20.05.25
Ermuak Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen-fasearen hirugarren saioa hartuko

'Udabarria bertsotan' Lobianon ikusgai izango, osteguneko 18:30etatik hasita. Sei bertsolari arituko