Gaikako zabor bilketak gora egin du Debabarrenan
Debabarreneko Mankomunitateak 2014 eta 2015 urteetako gaikako zabor bilketaren datuen balantzea egin berri du. Ondorio nagusia da zifrak hobetzen ari direla urtetik urtera; birziklatze tasa %39,66ra iritsi da gure eskualdean.
2014ko datuekin alderatuta, birziklatze tasa ia lau puntu igo da. Gainera, azken bost urteetan, gaikako zabor bilketa %20tik (2011n) ia %40ra pasatu da 2015ean, ia bikoitza.
Mankomunitateak eskainitako zifrak modu xehean azaltzeko, gure eskualdean 29.108 tona zabor kudeatu dira; horietatik 11.321 tona (%39,66) gaika jaso dira, 17.564 tona (%60,34) errefusa izan dira, eta 231 tona, aldiz, autokonposta.
Zer jaso da gaika Debabarrenan? Orokorrean, materia organikoa da gehien bildu dena: 3.185 tona. Paperak gertutik jarraitzen du, 3.003 tonarekin, eta atzetik, beira (2.024t) eta ontzi arinak (1.046t).
Ermuari dagokionez, herritar bakoitzak urtero 349,66 kilo zabor sortzen ditu, eta %35,67 birziklatzetik %36,29ra igaro da 2014tik 2015era; ia puntu bat gehiago. Gaikako bilketari begira, gure herriko datuak eskualdekoen desberdinak dira: papera da gehien birziklatzen dena (33kg pertsona eta urteko), eta materia organikoa bigarren lekuan gelditzen da (29,57kg pertsona eta urteko). Beira eta ontzi arinak gutxiago jasotzen dira: 22,74kg eta 14,14kg pertsona eta urteko, hurrenez hurren.
Datu eta zifra guztiak Debabarreneko Mankomunitateak eman ditu argitara, eta dokumentu honetan kontsultatu daitezke.
Lotutako albisteak

Ermuan intsektuaren arrautza oso gutxi aurkitu dira, baina lagundu egin behar dugu eta ez dugu ura pilatzen utzi behar

Informazio eta parte-hartze saioa astearte honetan, ekainak 10, izango da 18:30ean Lobiano Kultur Gunean

Debabarrenak etxera bidaliko ditu jaso ez diren txartelak