Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko programa berezia

03.03.16
Berdintasuna

Jada gainean dugu martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta data berezi hori ospatzeko, hainbat jarduera izango ditugu Ermuan.

''Egun handia'' asteartea izango den arren, programazioa hilabete osoa luzatuko da, eta bi erakusketarekin hasiko da. Lehena Emakumeen Topalekuan kokatuta dago; bertan 2016ko kartelen lehiaketara aurkeztu diren obrak ikusteko aukera izango da. Duela aste batzuk azaldu genuen moduan, “Kontzeptuak” izeneko lana da aurtengo martxoaren 8a iragartzen duena. Obra horretaz gain, beste 17 lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta guztiak ikusgai egongo dira martxoaren 31ra arte Emakumeen Topalekuko ohiko ordutegian.

Bestalde, udal liburutegian berdintasunarekin lotutako liburu, disko, pelikula eta bestelako errekurtsoen erakusketa jarri da hilaren amaierara arte. Gainera, bertako langileek irakurketa gida banatuko dute nobedadeekin eta gomendioekin.

Kirolak ere aldarrikapenarekin bat egingo du igande honetan Donostiako Lilatoian. Ermuko talde batek parte hartuko du emakumeen lasterketa herrikoi ezagun honetan. Talde horretara batzeko, beharrezkoa zen aurrez izena ematea, baina duela egun batzuetatik agortuta daude zenbaki guztiak; beraz, aurtengo edizioa arrakastatsua izango da ezbairik gabe.

Asteartean, Emakumeen Nazioarteko Eguna, “berdintasuna josten” hasiko da eguna Martxoak 8 plazan eta Berdintasunaren Pasealekuan. 11:00etatik aurrera, yarn bombing ekintza parte-hartzailea egingo da aipatutako lekuetan. Kaleko altzariak, monumentuak, zuhaitzak eta bestelako elementuak artilezko oihal koloretsuekin apaintzean datza diziplina horrek; kasu honetan, kolore morea izango da nagusi.

Arratsaldean, 16:30etik aurrera, kafe-tribial feminista partida jokatuko da Emakumeen Topalekuan, eta jokalari onenentzat sariak banatuko dira. Eguna biribiltzeko, kontzentrazioa deitu da Orbe Kardinala plazan 19:00etan. Lore sortatxoak banatu eta martxoaren 1eko Osoko Bilkuran Udalak onartutako deklarazioa irakurriko da.

Zinea eta antzerkia berdintasunaren alde

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Ermua Antzokiak hilabete honetan zehar programazio berezia eskainiko du, eta zineak eta antzerkiak bat egingo dute berdintasunaren alde. Guztira, gaiarekin lotutako lau pelikula eskainiko dira, honakoak:

  • Martxoak 5 eta 6: Sufragistas (Sarah Gavrón)
  • Martxoak 10: Nahid (Ida Panahandeh)
  • Martxoak 12 eta 13: Carol (Todd Haynes)
  • Martxoak 19, 20 eta 21: Brooklyn (John Crowley)

Bestalde, martxoaren 11n, ostirala, “La mujer sola” antzezlana eskainiko da Ermua Antzokian 22:15etik aurrera. 60 minutuko iraupena du obrak, eta senarrak eta familiako beste kide batzuek baztertuta, erabilita eta menderatuta bizi den emakume baten istorioa da. Horren ondorioz, bakarrik egoten ikasi du, ondoan irratia eta telebista baino ez dituelarik. Gizarte-satira bat da, emakume baten istorio tragikomikoa, bakardadez beteriko inguruan apurka-apurka itzaltzen ari dena.

Sarrerak salgai daude, 8 euroren truke, Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotariko kutxazainetan, Kutxabanken webgunean edota, antzezlana hasi baino ordubete lehenagotik, Ermua Antzokiko leihatilan.

Lotutako albisteak

Imagen
16.07.25
Jokabide matxistarik eta eraso sexistarik gabeko jaien alde

Berdintasun alorrak sentsibilizazio kanpaina garatuko du eta 'Puntu moreak' kalean jarriko ditu jaietako bost egunetan
Imagen
09.07.25
‘ZainSare’ programaren hiru udalerri pilotuetako bat izango da Ermua

Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu du gaur, Arrasate eta Amurriorekin batera
Imagen
24.06.25
Harrotasunaren eguna ospatu Emakumearen Topagunean, irudiz eta gogoetaz

LGTBIAQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta (ekainak 28), Ermuko Emakumearen Topaguneak jarduera kultural berezia egingo du