Gazteak lan mundura sartzea errazteko Enplegu Anezka abiatuko da Debabarrenan

31.03.16
Ekonomi Sustapena

Debabarreneko 25 gazte langabetuk eskualdeko Enplegu Anezkan parte hartzeko aukera izango dute apiriletik aurrera. Debegesa garapen agentziaren bitartez jarriko da martxan plataforma hori, eta helburua gazteak lan mundura sartzea erraztea eta formazioa ematea da.

Langabezia egoeran dauden gazteei zuzenduta dago egitasmoa; 18 eta 29 urte arteko gizonezkoei eta 18 eta 34 urte bitarteko emakumezkoei, hain zuzen. Ez da prestakuntza profil zehatz bat eskatzen: oinarrizko ikasketak dituzten gazteak izan daitezke, lanbide heziketatik edo batxilergotik datozenak, unibertsitate ikasketak dituztenak... Esperientzia profesionala izatea ere ez da beharrezkoa.

Hautatuak diren pertsonak astean hainbat egunetan bilduko dira Debegesan. Bertan, teknikari baten laguntzarekin, coaching eta adimen emozionaleko saioak egingo dituzte, eta komunikazio dinamikak, marka pertsonala eta enplegu bilaketa 2.0 ikasiko dituzte. Gainera, elkarrizketa pertsonaletarako entrenamendua jasoko dute eta enplegagarritasun mapak, enpresetara bisitak, ekintzaileekin bilerak, giza baliabideetako arduradunekin lan bitartekaritzako prozesuak eta abar egingo dituzte.

Informazio saioa

Datorren apirilaren 5ean, asteartea, 10:00etan, interesa duten gazteei zuzendutako informazio saioa egingo da Debegesa garapen agentzian (Azitain Industrialdea 3 bis, Eibar).

Proiektuan parte hartu nahi dutenek apirilaren 7ra arteko epea dute izena emateko. Informazioa eskuratzeko www.debegesa.eus webgunea kontsultatu, 943 82 01 10 telefonora deitu edo lanzadera@debegesa.eus helbidera idatzi daiteke.

Egitasmo hau Gipuzkoako Foru Aldundiak, Telefonica Fundazioak, Santa María la Real Fundazioak eta Debegesa garapen agentziak sinaturiko lankidetza hitzarmenaren ondotik jarriko da abian gure eskualdean.

Lotutako albisteak

Imagen
09.07.25
2025-2026 ikasturterako materiala herriko dendetan erosteagatiko laguntzak

Eskaerak irailaren 1etik aurrera aurkez daitezke eta laguntzek ia berrehun mila euroko zuzkidura dute
Imagen
04.07.25
EkiElkar: herrian dugun lehenengo Tokiko Energia Komunitatea

Ermuan eratu berri da eta Santa Ana auzoan dago
Imagen
04.07.25
Bizkaia Gazteak Durangaldea jarduerak gazteriarekiko konpromisoari eutsiko dio

Irailetik aurrera, prestakuntza-, orientazio- eta ongizate-jardueren agenda edukiko du