Canicross probaren lehen edizioa, igandean Aixolako urtegian

15.04.16
Gizartea

Lasterketarekin biltzen den dirua Debabarrena eskualdeko abandonatutako txakurrei laguntzeko erabiliko da

Marcan Huella elkarteak canicross lasterketaren lehen edizioa antolatu du igande honetarako, apirilaren 17a. Txakurra gerrira lotuta korrika egitean datza probak, eta estreinako lasterketa Ermuko Aixola urtegiaren inguruan egingo da.

Goizeko 10:00etan hasiko da ekimena, eta parte-hartzaileek lau kilometroko ibilbidea egingo dute; urtegiari itzuli bat, alegia. Antolatzaileek adierazi dutenez, pertsonek eta txakurrek osatutako 50-60 bikotek parte hartuko dute gehienez, eta kopuruaren arabera, txanda bat edo bi egingo dira.

Marcan Huella elkarteak gutxieneko baldintza batzuk ezarri ditu lasterketan parte hartu ahal izateko. Pertsonen kasuan, adinez nagusia izatea da bete beharreko baldintza bakarra. Txakurrei dagokienez, arneseraino iristen den tiro-lerro baten bitartez jabearen gerrira lotuta joan beharko dute. Gainera, igandean, animaliaren kartila aurkeztu beharko da txertoak egunean dituztela egiaztatzeko, eta txipa izan beharko dute. Arraza arriskutsuko txakurra bada, lizentzia erakutsi beharko da, eta gainontzeko txakurrekiko edo pertsonekiko portaera arazoak dituzten animaliei bozal eroso bat jarriko zaie, normaltasunez arnasa hartu, jan eta edan dezaten.

Bestalde, txakurrei mediku kontrola egingo zaie parte hartzeko egoera onean daudela egiaztatzeko. Behin baldintza guztiak beteta, lasterketako arau bakarra txakurra korrika egitera ez behartzea izango da, uneoro lotuta mantenduta.

Proban parte hartzeko, izena eman behar da Ermuko Nane arropa dendan, Eibarko Alimentación Jardines dendan, marcanhuella@gmail.com helbidearen bitartez edota 688696415 zenbakira idatzita. Behin plaza konfirmatuta, bost euro ordaindu beharko dira elkarteak adierazitako kontu zenbakian.

Helburu solidarioa

Igandeko lasterketaren helburua Debabarrena eskualdeko abandonatutako txakurrei laguntzeko dirua biltzea da. Izen-ematearekin lortzen denaz gain, Marcan Huella elkarteak merchandising postua jarriko du urtegiaren inguruan. Bertan, arnesak, tiro-lerroak eta gerrikoak egongo dira salgai, canicrossean parte hartu nahi dutenentzat, batez ere.

Gainera, bikote irabazleek sari oso bereziak jasoko dituzte. Helmugara iristen den lehen taldeak hogei kiloko pentsu zakua eta Iberica Stick sari kaxa jasoko du. Bigarren sailkatuak beste zaku bat eta hiru lata eramango ditu, eta hirugarrenak, aldiz, zakua eta urdaiazpiko hezurra.

Lotutako albisteak

Imagen
20.05.25
'La cita' eta 'La buena letra' asteko zine komertzialaren proposamenak

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan
Imagen
20.05.25
Txabi Arnalek azken bi argitalpenak aurkeztuko ditu Ermuan

Idazle ermuarrak 'Doña Olimpia y el canario' eta 'Supervaca y Supertopo' liburuak aurkeztu eta sinatuko ditu bihar Lobianon, 18:00etan
Imagen
20.05.25
Ermuak Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen-fasearen hirugarren saioa hartuko

'Udabarria bertsotan' Lobianon ikusgai izango, osteguneko 18:30etatik hasita. Sei bertsolari arituko