Donostia 2016 Ermura iritsiko da musikaren erritmora

22.04.16
Kultura eta Gazteria

Europako musika eskoletako 8.500 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute maiatzaren 4tik 7ra Emusik, Musika Eskolen Europako Jaialdiaren hamabigarren edizioan. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren programazioaren barne dago ekimena, eta Ermua izango da jaialdiaren 59 egoitzetako bat.

Guztira 120 kontzertu inguruk osatzen dute jaialdiaren programazioa, eta horietatik bi geure herrian izango dira. Lehenengoan Eslovakiako eta Hungariako taldeek parte hartuko dute, eta bigarrengoan, aldiz, Alemaniakoek eta Suitzakoek. Bi ikuskizunetan, Alboka Musika Eskolako ikasleak izango dituzte anfitrioi.

Lehenik, jaialdiaren aurreko beroketa gisa, Hartnerg-Steiermarkeko (Austria) Jugendkapelle der Musikschule Hartberg Wind Band taldeak kontzertua eskainiko du maiatzaren 4an Ermua Antzokian, 19:30etik aurrera.

Behin jaialdian bete-betean sartuta, maiatzaren 6an, ostirala, eta 7an, larunbata, bi kontzertu izango dira Orbe Kardinala plazan.

Ostiralean, Hungariako Rózsavölgyi Guitar Orchestra eta Eslovakiako Choir “Goldky” and Chamber Student´s Orchestra arituko dira 19:00etatik aurrera. Lagun izango dituzte Alboka Musika Eskolako ikasleak, Pispillu Abesbatza, trikitilariak eta ahotsak.

Larunbatean, aldiz, 12:00etatik aurrera Alemaniako Musikschule der Stadt Pinneberg Klarinettenensemble eta Suitzako Musikschule Wil Orchestraren txanda izango da. Aurreko egunean bezala, laguntzaile berberak izango dituzte.

Emusik, jaialdi bat baino gehiago

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren proiektua da Emusik, eta egoitzak izango ditu EAEn, Nafarroan, Iparralden eta Errioxan. Herrietan joko duten parte-hartzaileak Europako hurrengo herrialdeetatik etorriko dira: Espainia, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Danimarka, Estonia, Finlandia, Frantzia, Alemania, Hungaria, Italia, Letonia, Liechtenstein, Luxenburgo, Norvegia, Austria, Polonia, Eslovakia, Suedia, Suitza eta Herbehereak.

«Musika batzen gaituen hizkuntza komuna da» premisatzat hartuta, ekitaldia aukera paregabea izango da kultura eta herrialde desberdinetako ezagutzak eta esperientziak partekatzeko eta Europako herri desberdinen arteko hurreratzea eta hartu-emana bultzatzeko.

Horrez gain, festa eta musika-ospakizunaz aparte, festibalak ikusgaitasun handiagoa eman nahi dio musika eskolek maila guztietan (tokikoak, nazionalak, europarrak) egiten duten lan nekaezinari.

Lotutako albisteak

Imagen
04.07.25
Bizkaia Gazteak Durangaldea jarduerak gazteriarekiko konpromisoari eutsiko dio

Irailetik aurrera, prestakuntza-, orientazio- eta ongizate-jardueren agenda edukiko du
Imagen
27.06.25
Santixauak 2025: ia ehun jarduerako egitarau anitza eta parte-hartzailea

Beatriz Gamizek aurkezpenean tokiko kolektiboen inplikazioa azpimarratu du eta bizikidetza, askatasuna eta errespetua eskatu ditu jai inklusibo eta seguruez gozatzeko
Imagen
26.06.25
Elektrojaia taldea XVII. edizioari ekiteko irrikaz

Ekainaren 27 eta 28ko ostiral eta larunbatean ospatuko da, Martxoak 8ko plazan eta Betiondon