Ermua Mugi! zerbitzuak %23an igo du fisikoki aktiboak diren pertsonen kopurua
Osasun zerbitzuetan urteko ia 24.000 euro aurreztea lor daiteke Ermuan pertsona aktiboen tasa igota
Ariketa fisikorik ez egitea munduko osasun arazo nagusienetako bat bilakatu da pixkanaka. Munduko Osasun Erakundearen datuen arabera, 3,3 milioi pertsona inguru hiltzen dira urtero sedentarismoaren ondorioz; laugarren heriotza-kausa da gaur egun.
Ermuko Udalak 2012tik eskaintzen du Ermua Mugi! ariketa fisikorako eta kirolerako doako orientazio zerbitzua. Ekimenaren helburua bizitza aktiboa sustatzea eta bizimodu sedentarioa baztertzea da. Horregatik, zerbitzua erabiltzen duten pertsonei ariketa fisikoa ‘errezetatzen’ zaie, eta jarraipena egiten zaie. Azpimarratzekoa da Ermuko Osasun Zentroaren eta Udaleko Gizarte Zerbitzuekin akordatutako lankidetza dela eta, azken bi zerbitzu horietara jotzen duten pertsonei, bai osasun arazoengatik, bai gizarte arazoengatik, ariketa fisikoa egiteko programa pertsonalizatuak ‘errezetatzen’ zaiela.
Urte batzuk daramatza jada martxan, eta zerbitzuak erabiltzaileengan duen eragina neurtu nahi izan da. Guztira, 220 pertsonak jo dute Ermua Mugi!ren bulegora 2014ko urritik, eta horietatik 86k –16 urtetik gorako 38 gizonezko eta 48 emakumezko– galdeketa bat bete dute. IPAQ izeneko inkestak (Ariketa Fisikorako Nazioarteko Galdetegia) pertsona bakoitzaren ariketa fisikoaren maila neurtzen du, intentsitatean eta bolumenean oinarrituta. Lortzen den emaitzaren arabera zehazten da pertsona hori aktiboa edo ez aktiboa den.
86 erabiltzaileek birritan bete dute galdetegia: lehenik, zerbitzuaren hasieran; eta berriro, sei hilabete geroago. Lehenengo emaitzetan, pertsonen %60,48a aktiboa zela zehaztu zen, eta %39,52a, aldiz, ez aktiboa. Ermua Mugi! zerbitzua erabiltzen hasi eta sei hilabetera, ordea, zifrek aldaketa nabarmena jasan dute: pertsona aktiboen portzentajea %83,73ra igo da, eta ez aktiboena, aldiz, %16,27an gelditu da.
“Emaitzek erakusten dute Ermua Mugi! zerbitzuaren erabiltzaileen %23 pertsona aktibo bihurtzen direla, osasun ohiturak aldatzen dituztela eta bizi kalitatea hobetzen dutela. Horrek agerian uzten du programaren eraginkortasuna”, azaldu du José Ramón Gombau Kirol zinegotziak.
Osasunean aurreztu
Nazioartean berretsitako datu zientifikoek erakusten dute lotura zuzena dagoela ariketa fisikoaren eta osasun zerbitzuetan eragiten den gastuaren artean. Fisikoki aktiboa den pertsona batek urtean 1.235 euroko gastua sor dezakeela kalkulatzen da; inaktiboa bada, aldiz, 1.692 eurora igotzen da kopurua. Hori horrela, urtean 457 euro aurrezten dira pertsona inaktibo bat aktibo izatera igarotzen denean.
Azaldutako datuak Ermuan egindako inkestara ekarrita, hogei pertsona fisikoki aktibo izatera pasatu direla jakinda, aurrezpena argia da: 9.140 euro. Ermua Mugi! zerbitzuan parte hartu duten edo hartzen ari diren 220 pertsonak kontuan izanda, zifrak are aipagarriagoak dira, 23.307 euro aurreztu direla esan baitaiteke.
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke