Gardentasunaz Udalak duen estrategiak, Q-epea Praktika Onen Sariko diploma merezi izan du
Gardentasunean aurrera egiteko asmoz gure Ermuko Udalak duen estrategia aintzat hartu eta diploma merezi izan duela erabaki du Q-epea elkarteak, Herri Administrazioetako kudeaketa a urreratuari buruzko VI. Biltzarraren barne txertatzen den Praktika Onenaren VI. sarian, zeina Donostian ospatu berri den. Q-epea Euskadiko zenbait erakunde publikok osatutako sarea da, kudeaketan bikaintasuna lortzeko konpromisoa hartu dutenak. Carlos Totorika herriko alkateak ostiral eguerdian diploma jaso zuen erakundearen izenean eta horren ordez. Biltzarra bi urterik behin antolatzen da eta aurtengoan Donostiako Kursaalean egin izan da, ostegun eta ostiralean. Biltzar edo kongresu honetan kudeaketa aurreratuaren inguruan gai desberdinak lantzen dira, betiere, esperientzia handiko hizlariek aurkeztuta, naizoarte nahiz estatu mailakoak.
Biltzarraren bi egunetan eta programaren baitan dago praktika onenaren sari hori, horretara estatuko herri administrazio guztiak beren proposamenak aurkeztu ditzakegularik kudeaketaren inguruan ditugun praktika onak ezagutzera emateko. Aurtengo ediziorako 17 proposamena aurkeztu izan ditugu, beste horrenbeste erakundek, eta guztien artetik Q-epeak bost hautatu zituen finalerako, horien artean gurea izan delarik. Aukeraturiko bostak Euskal Osasun Zerbitzua, Osakidetza, Benidormeko Udala (Alicante), Gipuzkoako Foru Aldundia, Bartzelonako Diputazioa eta Ermuko Udala izan dira. Praktika onena aukeratzeko orduan kontutan hartu izan diren balorazio-irizpideak ondokoak dira: beste antolaketa batzuetan erabilgarri izatea, originaltasuna eta berrikuntza; kudeaketan aurrerapena suposatu eta eragitea eta, azkenik, bezeroarentzako orientazioa.
Ermuko Udalak “Gardentasunaren estrategia: publizitate aktiboa eta iraunkortasuna” proiektua aurkeztu zuen Jose Antonio Fernandez Celada idazkariaren eskutik. Proiektuaren ardatza informazioa ahalik eta era automatikoenean webgunean argitaratuko duen sistema hedatzean datza. Hain zuzen ere, Gardenatsunaren legeak eskatzen duen informazioa eguneratuta mantentzeko sistema ezin da pertsona bakar baten ardurapean egon. Horrela eginez gero, gehiago sakondu gabe gure kudeaketari lan gehiago gehituko baikenioke, informazioaren iraunkortasuna bermatuko ez genukeelarik. Arazo hori saihesteko eta sistema automatikoak garatu nahian, gure espediente-kudeatzailea udal webguneari konektatzen hasi gara eta horren ondorioz, kontratuei buruzko informazioa eta gobernu organoen bileren informazio eguneratua edozein herritarrak eskura dezake noiznahi -Internet bidez-, publikoa baita udalbatzar kideei bidaltzen zaien unetik bertatik eta.
Bost hautagaiek zuzenean aurkeztu genituen proiektuak, eta guztietatik, Osakidetzak lortu zuen saria “Behar konplexuak dituzten gaixoei arreta integratua eskaintzeko antolaketa eredua garatzea” proiektuarekin. Gure udalak praktika ontzat jotako jarduera eta finalera iritsi izanagatik diploma eskuratu zuen. Q-epearen hitzetan “erakundeko pertsonak eta herritarrak inplikatuz hobekuntza egiten emandako denbora eta ahalegina saritzen da praktika onen sariaren bitartez, kudeaketa aurreratua duten erakunde publikoak aintzatetsiz”. Guretzat harro egoteko aintzatespena da bi arrazoi nagusirengatik; batetik, Bikaintasuna jomuga duten Euskal Erakunde Publikoko Sarearen arreta jaso izan dugulako eta, hautagaien artean toki-administrazio publiko txikiena garelako, bai tamainari nahiz baliabideei erreparatuz gero. Tartean Erkidegoko Osasun Zerbitzua, Benidorm herriko udala eta Diputazio bi izan baitira. Sariak kongresuaren amaieran banatu ziren eta Carlos Totorika alkateak gurea jaso zuen Ermuko Udalaren izenean finalista izanaren diploma.
Lotutako albisteak
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da
Egoitza elektronikoaren bidez, Abiapuntu bulegoan edo Liburutegian