Ondojan.com aldizkariak Ermuko Jardunaldi Gastronomikoak goraipatu ditu

16.09.16
Gizartea

Gastronomiari buruzko agerkariak herriko pintxo lehiaketaren inguruko artikulu bat argitaratu du

Pintxo Lehiaketa urteko ekitaldi gastronomikorik garrantzitsuenetako bat izaten da Ermuan. Pasatu den ekainean ospatu zen ekimenaren hamaseigarren edizioa, Lobiano Gastronomia Elkarteak antolatzen dituen Jardunaldi Gastronomikoen barnean. Jai tabernaren “Flor de Calabaza” pintxoa suertatu zen garaile epaimahaiaren iritziak jaso ostean, eta erabakia hartu zuen pertsonetako bat izan zen Josema Azpeitia, Ondojan.com aldizkariko koordinatzailea. Agerkari horren abuztuko zenbakian erreportaje bat publikatu du Azpeitiak, lehiaketa ezagun honen inguruan sortzen den giro ona azpimarratuz.

“Flor de Calabaza, mejor pintxo de Ermua 2016” du izena artikuluak, eta herriko 31 tabernen artean sortutako pintxoetatik onenak hautatu ahal izateko epaimahaikideek egindako lana kontatzen du. Durangoko Kobika tabernako Koldobika Kortabitartek, Ondojan.com agerkariko Josema Azpeitiak eta Lobiano Gastronomia Elkarteko Jesús Portugalek osatu zuten epaimahaia, eta hiruren artean, finalista izendatutako hamabi tabernetatik pasatu ziren. Azpeitiak azaldu duenez, “erabateko esperientzia” izan zen lehiaketan parte-hartzea.

Eta ez da gutxiagorako. Lehiaketak irauten duen astean zehar, 25.000 pintxo inguru saltzen dira Ermuan, ekimenerako bereziki sortutakoak. Antzeko zifrak izaten dituzte Gasteizko Pintxo Txapelketan, baina Arabako hiriburua gure herria baino hamar aldiz handiagoa da.

Azpeitiak azpimarratzen duenez, Ermuko tabernetan bizitako giroa “apartekoa” izan zen, eta aurkeztutako pintxoak, aldiz, “bikainak eta originalak”. Hori guztia dela eta, irakurleak datozen edizioetan lehiaketara gerturatzera gonbidatzen ditu agerkariak, eta “errepikatzeko gogoz” dagoela zehazten du idazleak.

Zer da Ondojan.com?

“Gipuzkoan ondo jateko aldizkaria” izenburupean aurkezten da Ondojan.com, eta aipamenak, erreportajeak, errezetak, artikuluak, iritziak eta agenda biltzen dituen gastronomia gida da. Orokorrean, paperean nahiz bertsio digitalean argitaratzen den gastroweb bat da, eta Gipuzkoako jatetxe eta tabernen inguruko informazioa batzen du. 2003tik ari da lanean, eta aurten lehen aldiz izan dira Lobiano Gastronomia Elkarteak antolatzen dituen Ermuko Jardunaldi Gastronomikoetan.

Lotutako albisteak

Imagen
20.05.25
Ermuak Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen-fasearen hirugarren saioa hartuko

'Udabarria bertsotan' Lobianon ikusgai izango, osteguneko 18:30etatik hasita. Sei bertsolari arituko
Imagen
19.05.25
2026ko Aurrekontu-partehartzaileen ‘Ermuak Erabakitzen du’ prozesuko bozketa zabalik

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena
Imagen
19.05.25
Gazteria Zerbitzuak 'Uda Gazte Jolasak' proposamena aurkeztu du

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne