Urrian ez duzu aitzakiarik euskaraz ez aritzeko

03.10.16
Euskara

Hilero bezala, Ermuko Udaleko Euskara Zerbitzuak herrian euskaraz egiten diren ekimen guztiak biltzen dituen agenda prestatu du. Hasi berri dugun urrian hainbat kultur jarduera, ikastaro, tailer eta kirol ekintza izango ditugu Ermuan.

Lehiaketa eta tailer ezberdinetan parte hartzeko deialdiak izango dira zabalik hil honetan zehar. Gaur bertan, urriak 3, azaroaren 12ko San Martin azoka ezaguneko lehiaketan parte hartzeko izen-ematea zabaldu da. Datorren hilaren 14a arte entregatu daiteke behar den dokumentazio guztia Abiapuntuko bulegoetan.

Abendutik aurrera Ermuko Haurreskolan ikasturtea hasi nahi duten haurrentzat izena emateko epea ere zabalik dago, datorren astelehenera arte (urriak 10).

Bestalde, pasatu den ikasturtean euskara ikasten aritu diren pertsonak oraindik diru-laguntzak eskatzeko garaiz dabiltza. Matrikularen gastuen %75eraino jaso daiteke bueltan, eta urriaren 27an amaitzen da epea. Informazio guztia esteka honetan eskuratu daiteke.

Adin guztietarako ikastaroak eta klubak

Jada ohikoak diren Txindurriren Euskal Dantza ikastaroen eta Alboka Musika Eskolako klaseez gain, liburutegiak eskaintzen dituen irakurketa klubek ere osatzen dute euskarazko kultur agenda. Hil honetan zehar, helduen irakurketa kluba (urriak 3), 3-5 eta 6-8 urte arteko haurrentzako Bularretik Mintzora tailerra (urriak 22) eta 9 eta 11 urte arteko gaztetxoentzat irakurketa klubak (urriak 15 eta 29) bilduko dira Lobiano Kulturgunean.

Irakurtzeaz gain, idaztea ere gustuko izanez gero, abian da Juanita Ibaibarriaga literatur lehiaketaren XXIII. edizioa. Aurtengo deialdia bi kategoriatan banatzen da: batetik, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleak; eta, bestetik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako neska-mutilak. Gaia librea da parte-hartzaile guztientzako, eta epea zabalik dago azaroaren 3a arte. Lehiaketak 400 euro banatuko ditu saritan, eta informazio guztia honako artikuluan kontsultatu daiteke.

Hitzaldiak, ikus-entzunezkoak eta Berbalagunen edizio berria

Mota guztietako kultur ekimenentzat ere badu tartea urriak. Asteazken honetan, hilak 5, “Testurak” ikuskizuna izango da Emakumeen Topalekuan. Emakumeen Etxeen Sareak bultzatutako ekimena da, Ahalduntze Bertso Eskolarekin elkarlanean, eta hainbat emakumek parte hartuko dute bertan, modu pertsonal eta irudimentsuan testu ezberdinak interpretatuz. Saioa irekia eta doakoa da, eta 19:00etan hasiko da.

Aste honetan bertan, larunbatean, Eskilarapeko Eguna ospatuko da, eta egun osoan zehar giro ona eta ekintza ugari izango dira herrian: haurrentzako jolasak, herri bazkaria, dokumental emanaldia, kontzertuak eta poteoak.

Bestalde, urriaren 18an, asteartea, Berbetan hitzaldi zikloari berrekingo zaio, “Euskaraz badakigu, euskaraz bizi nahi? Euskaraz bizi gaitezke?” izeneko saioarekin. Lutxo Egia eta Karmelo Ayesta arituko dira berbetan, 19:00etatik aurrera, Lobiano Kulturgunean.

Azkenik, Berbalagun ekimena ere abian izango da berriro urrian, herritar orori euskaraz bizitzeko aukera eskaintzeko eta gure kaleetan eta gizartean euskararen presentzia areagotzeko helburuarekin. Bi ekintza ezberdin izango ditugu hil honetan: batetik, urriaren 21ean, ostirala, Mendibilera mendi-itzulia egingo da, eta bestetik, hilaren 25ean, asteartea, koktel eta konbinatu prestaketa ikastaro dibertigarria eskainiko da. Berbalaguni buruz informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, ermua_berba@aek.eus helbidera idatzi edota WhatsApp bidez 633 070 402 telefonoarekin kontaktuan jarri daiteke.

Euskarazko ekintzen agenda osoa kartel honetan kontsultatu daiteke.

Lotutako albisteak

Imagen
12.11.25
Olaia Inziartek bere bigarren diskoa aurkeztuko du Ermua Antzokian

‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Imagen
05.11.25
Dena prest XXXV. San Martin azokarako

Aurtengoa animaliarik gabeko edizioa izango da
Imagen
03.11.25
Gabon Negulekuetarako izen-emateak asteazkenean zabalduko dira

Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko