Liburutegiak ohiko zerbitzuak mantenduko ditu azterketa garaian
Literatur jardueren eskaintza areagotu da, eta zerbitzuak berrantolatu eta diseinatu dira
Ikasteko metodologien aldaketen eta era berrien aurrean, Ermuko udal liburutegiak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak nola hobetu ikertzen jarraitzen du. Erabiltzaileei ematen dien etengabeko arreta horri esker, Ermuko liburutegi zerbitzua erreferente bihurtu da bai Euskal Autonomia Erkidegoan, baita Estatu osoan ere.
Testuinguru horretan, azken urte honetan burutu diren aldaketa eta hobekuntzak ulertu behar dira. Helburua publiko guztientzako zerbitzuak eskaintzea da, programazio zabala eta instalazioen hobekuntza bermatuz. Horretarako, orain arte martxan zeuden hainbat zerbitzu lekuz aldatu dira, eta beste hainbat jarduera berri gehitu dira.
Pasatu den irailaren 27ko Informazio Batzordean, Beatriz Gamiz Kultura zinegotziak aurtengo ikasturteko literatur jardueren programazio berria aurkeztu du. Asteburutan 16 urtetik gorako pertsonentzat gehitu diren tailerrei eman die garrantzia Gamizek.
Orain arte larunbatetan eskaini diren ipuin-kontalari saioez edo haurrentzako “Bularretik Mintzora” irakurketa klubaz gain, irakurzaletasuna sustatzeko eta hedapen kulturaleko jarduera kopurua eta ekimen mota nabarmen gehitu dira aurtengo ikasturtean. Haurrentzako, gazteentzako, helduentzako zein familientzako ekimenak antolatu dira, euskaraz, gazteleraz, ingelesez nahiz frantsesez. Honakoak dira gehitu diren jarduera berriak:
- “Liburu Baby Kluba” 0 eta 3 urte bitarteko umeei zuzenduriko jarduera eleanitza (ingelesez, euskaraz eta gazteleraz), ludikoa eta didaktikoa da. Umeak heldu batekin egongo dira, eta saioen ardatza liburu bat izango da. Helburu nagusiak umeengan eta beraien familiengan literatura, musika, artea eta naturarekiko interesa piztea da, eta aldi berean, umeek hizkuntza ezberdinekin lehen harremana edukitzea.
- “Leyendo y aprendiendo”, gazteleraz, 0 eta 4 urte bitarteko umeei zuzendutako jarduera da. Umeak heldu batekin egongo dira, eta guztiek literatura eta artearen mundu magikoa ezagutu ahal izango dute bertan.
- Irakurketa klub digitala tabletekin 9 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzat. Irakurzaletasuna suspertzea, euskarazko haur literatura eta bere egileak ezagutzea eta teknologia berrien, irakurketaren eta kulturaren arteko harremana azaltzea dira helburuak.
- “Counting with fingers” matematika tailerra 6 eta 15 urte bitarteko neska-mutilentzat zuzenduriko jarduera ludiko eta didaktikoa da ingelesez. Helburu nagusia pentsamendu abstraktoak, matematikaren funtsa, zentzumenez bidez eta gure funtsa errealaren bidez lortu daitezkeela erakustea da. Gomiedroekin (gominolaz egindako poliedroak), mosaikoekin, kriptografiarekin, mapekin, eta abarrekin lan egingo da.
- Idazketa sortzailearen gaineko tailerra, gazteleraz, 16 urtetik gorako pertsonei zuzendua. Bertan lengoaiaren alde ludiko eta askatzailea landuko da norberaren espresioa lortzeko bidean.
Gainera, haurrentzako ipuin-kontaketa kopurua gehitu da, eta saio musikatuak, antzeztuak eta ingelesezkoak antolatu dira baita literatura topaketak ere hainbat idazlerekin.
Zabalik azterketa garaian
Informazio Batzordean zinegotziak azaldu zuen bezala, liburutegian egin diren aldaketa guztiak zerbitzuen erabiltzaileen datuak aztertu ostean egin dira. Hori dela eta, eta azterketa garaian liburutegiak duen erabilera ona ikusita, Beatriz Gamizek azpimarratu du ikasketa garaian zerbitzu horrek zabalik jarraituko duela. Horrela, Izarra Centreko Tecnotekak irakaskuntza metodo berriei jarraiki eskaintzen duen aukeraz gain, liburutegiko erabiltzaileek Teresa Murga eraikineko instalazioak erabiltzen jarraitzeko parada izango dute azterketa garaian, orain arte egin den bezala.
Berrikuntzak zerbitzuen kokapenean
Pasatu berri den irailetik aurrera, orain arte liburutegian burutzen ziren ekimenetako batzuk beste espazio batzuetan egiten dira asteburuetan. Egunkarien irakurketa, esaterako, Erdikokaleko Jubilatuen Egoitzako liburutegian. Dena dela, hemeroteka zerbitzua erabili nahi duen edonork jo dezake kokaleku berrira, eta astelehenetik aurrera ohiko zerbitzua berriro liburutegian eskaintzen da.
Ipuin kontalariak, tailerrak eta literatur topaketa berriak Lobiano Kulturguneko Tailerren Gelan egiten dira, aurreko ikasturteetan gisa horretako jarduera guztiekin egin den moduan.
Bestalde, ikasleek behar zehatzak dituen erabiltzaile talde bat osatzen dute. Banakako ikasgela izateko ohizko eskariari beste behar bat gehitzen zaio orain, ikasketen berezko bilakaeraren ondorioz: taldeka ikasi ahal izateko edo teknologia berriak erabili ahal izateko zerbitzuak, ordutegi malguagoarekin eta liburutegiko langileen arreta behar ez dutenak. Izarra Centren inauguratu den Tecnoteka espazioak ematen die erantzuna eskaera horiei; bertan, gainera, ikasleek ikasketen ondorengo garaian espezializatutako zerbitzuak topatuko dituzte. Hortaz, ikasketa-zerbitzua gaueko ordutegian eta asteburuetan Tecnotekara eraman da, eta egunean 24 orduz eta 365 egunez irekita egoten da.
Lerro hauen azpian ikusi dezakezue pasatu den irailaren 27ko informazio saioa (eguneko gai-zerrendako hirugarren puntua). Bertan, Beatriz Gámiz Kultura zinegotziak eta Mercedes González de Celis Ermuko Udaleko Soziokultura arloko zuzendariak liburutegiko programazio berria aurkeztu dute.
Lotutako albisteak

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.