Azarorako agenda aurkeztu du Ermuko Emakumeen Topalekuak
Ermuko Emakumeen Topalekuak prest dauka azarorako ekitaldien programa, eta hilero bezala nahi eta gustu guztietarako ekintzak programatu dituzte. Hileko programazioarekin batera, Emakumeen Jabekuntza Eskolako kurtsoen azken egunak hile honetan zehar izango dira, eta horien artean ‘Berdintasunean Urbanizatzen’ azken kurtsoa hilaren 2 hasiko da, asteazkena. Kasu honetan, antolatzaileek deialdia ere gizonentzat zabaldu dute, bertan landuko diren gaiak eguneroko bizitzan isla dutelako eta denon artean egin beharreko lana dela uste dutelako.
Hilea erakusketa batekin hasiko da, Topalekuko hallean “Emakumeen Lege Iraultzailea” erakusketa zabalduko da, eta azaroan zehar bisitatzeko aukera izango dugu. Hilaren 3an, Cecilia Santiagoren eskutik bisita gidatu batez disfrutatuko dugu, eta jarraian txarla bat eskainiko digu erakusketak lantzen duen gaiaren harira, “Emakumeen Lege Iraultzailea”: Historia ofizialak 1994ko urtarrilaren 1ean kokatzen du (EZLN) Askapen Nazionaleko Armada Zapatistaren lehen jaikialdia, baina hilabete batzuk aurretik beste iraultza bat ere izan zen, 1993ko martxoaren 8an zehatzago esateko, eta iraultza hartan emakumeak izan ziren Historiaren protagonista. Orduan, Ramona eta Susana komandanteek EZLNko Emakumeen Lege Iraultzailea onartzeko eskatu zuten, komunitate indigena ezberdinetako emakume zapatisten talde-lanaren ondorioz sortua, eta horrek haustura ekarri zuen ordura arte izandako nekazari-indigena izaerako mugimendu autonomo eta iraultzaile guztietan, emakume indigena zuzenbide-subjektutzat hartua izan zelako.
Antolatzaileak, hilero bezala Berdintasun Irakurle Gunea prestatu dute. Indarkeria matxista gai bezala, hainbat liburu prestatu dituzte denok aukera izan dezagun bertara hurbildu eta ale bat irakurtzeko. Urtean zehar zabalik mantentzen dute gunea eta agenda feministak eskaintzen dituen gaiekin bat eginda, hilero liburuak aldatzen dituzte. Ekintza horrekin batera, hilero Trivial Feministara jolasteko taldeak sortzen dira. Astelehenero Topalekuan elkartzen dira, arratsaldeko 16.30etan, jolasteko, ondo pasatzeko eta ikasteko.
A25, Tratu Txarren Kontrako Nazioarteko Eguna
Azaroaren 25eko egunaren harira, agenda berezi bat antolatu da, ekintza eta ekitaldi ezberdinekin. Bi tailer ezberdin antolatu dira, bata Kaleko Antzerkiaren Tailerra, indarkeria matxistei eta kontsumoari buruz sentsibilizatzeko eta gizartea aldatzeko kale-ekintza bat kolektiboki sortzeko tresnak landuko dira eta Plataforma Tirante taldekoak dinamizatuko dute. Bigarrena, Komunikazio Feminista 2.0 Lantegia: “Indarkeria kontsumitzen dugu?”. Kasu horretan, Pikara Magazine taldekoek dinamizatuko du eta tresna eta sareak ikuspegi feministatik landuko dira, indarkeria matxisten eta kontsumoaren inguruko kale-ekintzei estaldura eta zabalkundea emateko. Ekintza hauek, azaroaren 19an eta 20an izango dira eta Ermuko Emakumeen Topalekuak antolatzen ditu SETEM Hego Haizea elkartearekin batera. Ekintza horietan eta kurtsoan izena emateko epea zabalik dago, eta izena emateko edo zalantzak argitzeko, Ermuko Emakumeen Topalekura (Izelaieta kalea, 12) jo dezakezue, edo 943 17 10 30 telefono zenbakira deitu.
Amaitzeko, hilaren 25ean, Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da. Egun horretan, arratsaldeko 18.00etatik aurrera, Beldur Barik lehiaketako sari banaketa antolatu da Lobiano Kultur Gunean. Sariak banatzearekin batera, aurkeztu diren lanak ikusteko aukera izango dugu. Horren ostean, Ermuko Orbe Kardinalaren plazan Indarkeria Matxistaren kontrako kontzentrazioa egingo da. Herritarren kontzentrazioa arratsaldeko 19:00etatik aurrera izango da eta plataformatik denoi gonbidatzen digute tratu txarren kontra elkartzera.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan