Ermua Mugik eta Elikagai Bankuak bat egin dute elikadura osasungarriaren sekretuak erakusteko
“Elikatzen Ikasten” programak elikadura osasuntsua bultzatzeko oinarrizko pausoak erakutsiko dizkie errekurtso gutxien duten familiei
Ariketa fisikoarekin eta ongizate emozionalarekin batera, elikadura osasuntsua da Ermua Mugi! estrategia komunitarioaren oinarrizko ardatzetako bat, eta horixe da, hain zuzen, “Elikatzen Ikasten” programa berriaren xedea. Gizarte Ongizate Sailak eta Udal Kirol Erakundeak elkarlanean landutako ekimena da, eta adingabeak dituzten eta Elikagai Bankua programan parte hartzen duten familiei zuzenduta dago, batez ere.
“Elikatzen Ikasten” programaren helburua errekurtso eta elikagai mugatuak dituzten familiei produktuak nola kudeatu, erabili eta prestatu erakustea da, familia osoarentzat dieta osasuntsuak antolatu ahal izateko. Modu horretara, eta oinarrizko informazioa eskainita, malnutrizioa ekidin nahi da, batez ere etxeko txikien artean, familien ongizatea bermatzeko.
Helburu hori lortu ahal izateko, Ermua Mugik eta Elikagai Bankuak bat egin dute eta bi tailer eskainiko dituzte. Horietan, 15 pertsona inguruk oinarrizko kontzeptuak ikasteko aukera izango dute, esaterako, zer den plater osasungarri bat, zeintzuk diren sasoiko elikagaiak edota non topa daitezkeen azukrea, gantzak edo gatza. Elikadura osasungarriaz gain, saio horietan aho-higieneari, garbiketari eta prebentzioari buruz eta ariketa fisikoaren garrantziaz eta onuraz ere mintzatuko da.
Parte-hartzaileak bi saiotan bilduko dira, bakoitza ordu eta erdikoa, azaroaren 8an eta 15ean. Ikastaroak 09:30etik 11:00etara eskainiko dira Lobiano Kulturguneko Tailerren Aretoan.
Programa berritzaile honetako arduradunek azaldu dutenez, saio horietan eskainiko den formazioa “oso beharrezkoa” da; izan ere “errekurtso gutxien duten pertsonei oinarrizko erremintak” luzatuko zaizkie euren helburua lortu ahal izateko. Gainera, modu erraz eta praktikoan elikadura osasungarria bultzatuz, ohitura txarrak ekidin nahi dira, esaterako, haurrei opil industrialak eskaintzea “sari” gisa. Bestalde, arduradunek azpimarratu dutenez, programan partaide izango diren pertsona asko familiako aitak dira, eta horrek agerian uzten du gizonezkoek haurren zaintzan eta familiaren ongizatean gero eta gehiago parte hartzen dutela “modu aktiboan”.
Jarraian “Elikatzen Ikasten” programako bi saioetan eskainiko diren gaiak ikus daitezke.
- Lehenengo saioa (azaroak 8, 09:30-11:00)
- Zer da plater osasungarri bat?
- Non topa daitezke azukrea, gantzak eta gatza?
- Zeintzuk dira gomendioak eta kontsumorako jarraibideak?
- Zeintzuk dira sasoiko elikagaiak? Zer-nolako onurak dituzte?
- Aho higienea, garbiketa eta prebentzioa.
- Bigarren saioa (azaroak 15, 09:30-11:00)
- Nola antolatu ditzaket eguneko eta asteko menuak?
- Elikagai osasungarriek osatutako erosketa zerrenda osatzea. Nola osatu daiteke eguneko menua asteko aurrekontuarekin?
- Nola kudeatu dezaket elikagaien kontsumoa eta mantentzea?
- Zergatik da garrantzitsua ariketa fisikoa egitea?
- Nola sentitzen gara ongi elikatzen garenean eta ariketa fisikoa egiten dugunean?
Lotutako albisteak

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du