Debabarrenako 'Tripontziak' ekimen gastronomikoaren hirugarren edizioa abian
Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren establezimenduek menu eta pintxo landuak eskainiko dituzte prezio onean, garaian garaiko eta bertako produktuen kontsumoa sustatu eta eskualdeko establezimenduak ezagutarazteko helburuaz
Sare sozialetan oinarrituriko lehiaketak egingo dira eta sari bikainak zozkatu: asteburuko egonaldiak, bi lagunentzako menuak eta Mendaroko Txokolateen produktu-sortak
Debegesa Garapen Agentziak eta Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren eskualdeko establezimenduek hirugarren urtez jarraian “Tripontziak” ekimen gastronomikoa abian ipiniko dute. Ekimen honen helburua da bertako eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea, eskualdeko ostalaritza sektoreari bultzada bat ematea eta Debabarreneko establezimendu gastronomikoak zein bertako produktuak baloratzea. “Tripontziak” ekimenari gaur emango zaio hasiera, -azaroaren 11n- eta azaroaren 27an itxiko. Honela, 17 egunez luzatuz 3 asteburu hartuko ditu barne aurten ekimenak, hartara herritar eta bisitari gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten.
Ekimenarekin bat egin duten establezimenduak honako hauek dira: Elgoibarko Belaustegi Jatetxea, Itziarko Kanala Jatetxea, Debako Urgain eta Calbeton Jatetxeak, Lasturko Taberna, eta Eibarko Azitain Erretegia eta Kultu Taberna. Hauek guztiek garaian garaiko eta bertako produktuekin proposamen gastronomiko iradokitzaile eta ezberdinak landuko dituzte prezio berezian: Tripontziak Menuak 25 eurotan eta Tripontziak Pintxoak 5 eurotan (2 pintxo eta 2 edari).
Ekimenera atxikitu diren 6 jatetxeek Tripontziak Menu ezberdinak eskainiko dituzte bertako produktuetan oinarrituz. Honela, bertako nekazari eta produktoreen lehengaiekin prestatutako platerak dastatzeko aukera egongo da. Produktu horien artean, inguruko baserritarren barazkiak, geure kostaldeko arrain freskoa edota Mendaroko txokolatea, besteak beste. Menuak 25 euroko prezioa dute; edaria, kafea eta BEZa barne. Bestalde, Eibarko Kultu tabernak ekimen honetarako esklusiboki prestaturiko pintxoak eskainiko ditu; 2 pintxo eta 2 edari 5 euroren truke.
Establezimendu parte-hartzaile bakoitzaren eskaintza debabarrenaturismo.com webgunean kontsulta daitezke.
Sari gastronomikoak jokoan
Aldi berean, azaroaren 11tik 27ra bitartean, Debegesak lehiaketak egingo ditu sare sozialetan Debabarrena Turismoko profilen bitartez, Twitterren, Instagramen eta Facebooken, herritarren parte-hartzea sustatu eta saritzeko helburuarekin.
Twitterren eta Instagramen, erabiltzaileek argazkiak partekatu beharko dituzte euren “Tripontziak” unea erakutsiz, txioan #Tripontziak etiketa erabiliz eta taberna edo jatetxearen izena aipatuz. Zenbat eta argazki gehiago bidali, saria eskuratzeko orduan eta aukera gehiago.
Facebooken, aldiz, nahikoa izango da Debabarrena Turismoren orrialdera sartu –facebook.com/DebabarrenaTurismo– eta orriaren goiburuan proposatutako galderari zuzen erantzutea.
Halere, sare sozialen erabiltzaile ez direnek ere izango dute aukera sari gastronomikoak eskuratzeko. Horretarako, Tripontziak Menua edo Pintxoa dastatu duten taberna edo jatetxean Tripontziak zozketako kupoia eskatu beharko dute, harremanetarako euren datuekin bete eta establezimenduan bertan entregatu.
Lotutako albisteak

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du