Ingurumena eta jasangarritasuna, eguneko gai nagusiak XI. Toki-Garapeneko Astean

15.11.16
Ekonomi Sustapena

XI Toki-Garapeneko Astearen bigarren jardunaldia izan da gaur Izarra Centreko auditorioan, ingurumen-jasangarritasuna eta enpresa ardatz hartuta. Carlos Totorika alkateak eman dio hasiera eguneko programari, Ermua bezalako herri batean toki-garapena nola bultzatu daitekeen galdetuz. “Bertako enpresen lehiakortasuna bermatu behar da, baita langabezian dauden pertsonen gaitasunak bultzatu eta merkatuak behar duenaren araberako formazioa eskaini ere. Ikuspuntu tradizionala zabaldu behar da”, azaldu du. Tokiko ekonomia eraiki ahal izateko behar diren “oinarrien garrantzia” azpimarratu du Totorikak, eta parte-hartzea beharrezkoa dela adierazi du: “Parte-hartzen duten agente guztiak entzutea betebehar garrantzitsua da, baita jasangarritasuna, teknologia berriak txertatzea eta antolaketaren aldaketak ere”.

Eguneko lehenengo hitzaldia 12:00etan hasi da “Enpresaren eraginkortasun energetikoa eta ingurumenaren gaineko eragina” izenburupean IK Ingenieria enpresaren eskutik. Guztira lau enpresak hartu dute parte saio horretan, eta euren esperientziak kontatu eta ikuspuntua partekatu dituzte ikus-entzuleekin.

IK Ingenieria enpresako Ruben Carnerero eko-berrikuntza eta eko-diseinuan aditua izan da lehen hizlaria, eta produkzio eta kontsumo arduratsuaren inguruko aurkezpena eskaini du. Enpresaren jasangarritasuna lortzeko oinarrizko kontzeptuak azaldu ditu Carnererok; haren aburuz, eraginkorrak izateko, “faktore ekonomikoak, sozialak eta ekologikoak” izan behar dituzte kontuan enpresek. Gainera, “ekonomia zirkularra” kontzeptuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Errefuxarik onena sortzen ez dena da, eta benetan jasangarriak izatera iritsi ahal izateko, produktuen ‘bizitzaren amaiera’ apurtu eta produkzio prozesura itzuli behar dira”. IK Ingenieria enpresako adituaren arabera, produktu bakoitzak hiru fase igarotzen ditu: produkzioa, kontsumoa eta azken errefuxa: “Berdin da zein fasetan dagoen gure produktua: enpresak produkzio prozesura eraman dezake berriro, ‘bizitzaren amaiera’ eta zaborrontzira joatea ekidin eta erabilera berria emateko”. Horretarako, eko-diseinuak duen garrantziaz mintzatu da: “Ingurumen kontzeptua gehitu behar da produkzio prozesuan”.

Mikel Arando Protec Madera S.L. enpresako zuzendari teknikoa izan da eguneko bigarren hizlaria, eta bere enpresak burutu duen bizitzaren zikloaren analisia izan du hizpide. “Ingurumenarekin kontzientziatuta gaude, eta analisia egiteko gogotsu geunden, datuak eskuratu eta ingurumenarekiko dugun inpaktua neurtu ahal izateko”, adierazi du. Protec proiektu ezberdinetarako egurra esportatzen aritzen den enpresa txikia da, eta zuzendari teknikoaren arabera, ingurumenari buruzko datuak lortzea “oso balio garrantzitsua” izan daiteke etorkizunerako. Produkzio prozesu osoa aztertu ostean, lortu diren datuei esker, “produkzio prozesua egokitzea eta ekonomikoki aurreztea” posible dela azaldu du Arandok. Datu horiek, gainera, “produktuak ingurumenean duen inpaktuaren argazkia” dela esan du, sektore bereko beste enpresekin konparatu ahal izateko beharrezkoa dena.

Bere proiektua aurkeztu duen hirugarren kidea Rebattery enpresaren arduradun eta sortzaile den Benjamin Ballesteros izan da. Bere kasua ezberdina dela azaldu du Ballesterosek, “hasiera-hasieratik ingurumenarekiko kontzientzia” baduela esan baitu: “Ingurumenak ez gaitu behar; gu gara bizitzeko gure ingurunea behar dugunak. Gure biziraupena bermatzeko, gutxiago kutsatuko dugula dioen paper bat sinatzea baino zerbait indartsuagoa egin behar dugu”. Rebattery enpresaren helburua bateriei bigarren bizitza ematea da; hori horrela, bere arduradunak azpimarratu du “ekonomia zirkularraren bila” sortu dutela proiektua: “Bateriak hartu, konpondu eta behar duenari ematen dizkiogu. Ingurumenarekiko printzipioak argi ditugu hasieratik; errekurtsoak behar ditugu emititu eta kutsatu den guztia konpondu ahal izateko”.

A&B Laboratorios enpresako arduraduna, Kepa Izaguirre, izan da saioko laugarren eta azken hizlaria, eta eko-etiketak eta bioteknologia izan ditu hizpide. “Ingurumen kontuei dagokionez, industria kimikoak begirada kritikoak jaso izan ditu. Hori horrela, gauza ezberdinak egiten saiatzen gara, garapen jasangarria lortu ahal izateko”, azaldu du. A&B Laboratorios enpresak garbitzeko eta desinfektatzeko produktuen garapenean egiten du lan, eta ingurumenean duen inpaktuaz gain, produktuen segurtasuna da bere egunerokotasuneko gakoetako bat: “Ingurumenarekiko kontzientziak enpresaren estrategian eta ikuspuntuan barneratuta egon behar du, eta hortik abiatuta, produktu ezberdinak sortu behar dira”. Horren harira, bioteknologiaren onurak azaldu ditu Izaguirrek, “produktu naturalak eta hondakinik sortzen ez dutenak” lortzen baitira modu horretara. Gainera, bere produktuak bermatuta daudela eta ingurumen baldintza guztiak betetzen dituztela azpimarratu du; horrela “balio gehitua” eskaini eta lehiakorragoak direla azaldu du.

Lau aurkezpenen ostean, auditoriora gerturatu diren pertsonek enpresa ezberdinetako arduradunei galderak egiteko tartea izan dute, zalantzak argitu eta azaldutako prozesuen inguruko informazio gehiago eskuratu ahal izateko.

Lerro hauen ostean saioko irudi batzuk ikus ditzakezue, eta jadanik hitzaldi guztien bideoak izango dira ikusgai.

Lotutako albisteak

Imagen
27.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldiaren programa prest

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik
Imagen
21.11.25
2025eko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa

Izen emate zabalik daude herriko merkataritza eta ostalaritza establezimendu ororentzat
Imagen
17.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldia egingo Ermuan

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik