'Koaderno Handia' eleberriak irabazi du 2016ko Ezekiel Etxebarria saria

19.12.16
Euskara

Eskarne Mujika itzultzaileak jasoko du aurtengo Ermuko Ezekiel Etxebarria literatura saria, azken urtean udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko liburuaren autorea baita. “Koaderno Handia” eleberria da irabazlea, Agota Kristof idazle hungariarraren “Le Grand Cahier” liburuaren itzulpena, hain zuzen.

Idazlea omentzeko eta bere lana eskertzeko modu bat izateaz gain, irakurleek eurek saria ematea da garrantzitsuena, nolabait irakurlea eta idazlearen artean zubia eraikitzen baita.

Lehendabiziko aldia da itzulpen lan batek Ezekiel Etxebarria saria jasotzen duena, eta Euskara Sailak biziki ongi baloratu du, itzultzaile hauei esker munduko literatur lanik onenak euskarara ekartzen baitira, gure hizkuntza aberastuz.

“Liburua berez da bikaina, baina Eskarne Mujikak egindako haren itzulpenak bikaintasun hori pizten du, barne-barnean liluragarriki, gainera. Eraman egiten zaitu, bihotzetik eraman, indar handiz, jakin-minera eta poesiara abailtzen, eta une batez ez dakizu horrelakorik zer eta non aurkitu ahalko duzun irakurtzeko berriz. Hitz bitan: lilura-garria" - Jose Luis Padrón, Zabalik 2001-05-26

Ezekiel Etxebarria idazle eta apaiz ermuarraren izena daraman saria Jon Maiak, Karmelo Jaiok, Kirmen Uribek bi bider, Irati Jiménezek, Katixa Agirrek eta Antton Irustak jaso dute orain artean.

Sari honek herrian izan dugun Ezekiel Etxebarria idazlea gogoratzeko eta berak Ermuan egindako lana aitortzeko asmoa ere badu. Ezekiel Etxebarria XIX. mendean Ermuan bizi zen eta bertako apaiz izan genuen 56 urtean. Bere euskaltzaletasuna oso agerikoa zen eta hainbat bertso idatzi zituen, non herriko orduko ohituren berri ematen digun. Gainera, ugariak dira erlijio gaiak, ahoz aho transmititu diren gabon-kantak eta herriko jaun eta lagunei eskainitako bertsoak, besteak beste, On Juan Valdespinako markes jauna, Julian Gayarre, Domingo Iturraran, Jose Iraegi... eta beste hainbati. 1996an, Ermuko abade etxean aurkitu ziren bertso-paper hauek guztiak Ermua eta Eitzako euskara liburuan jaso ziren eta argia ikusi zuten. Baina bertso hauek ez dira berak egindako lan bakarra, 1899an Durangon Etimologías vascongadas o sea, Ensayo sobre interpretación y reconstrucción del Vocabulario Vascongado ere plazaratu zuen; loragintza eta ortularien inguruan ere zaletasun aparta zuen eta hainbat eta hainbat artikulu jasoak ditu. Ezekiel Etxebarria, herrian “Abadetxikia” goitizenez ezaguna, Ermuan hil zen 1925eko abuztuaren 25ean.

Lotutako albisteak

Imagen
23.06.25
Gaur San Juan sua, urteko gau laburrenean

Txindurri Dantza Taldeak eta Euskal Birusa Elkarteak antolatuta, udalaren laguntzarekin
Imagen
19.06.25
Appa hi! Ermuko Hitanoa ikasteko aplikazioa Android nahiz IOS sistemetarako

Udal Euskara zerbitzuak eta Badihardugu Elkartiak aurkeztu berri dute, Estibalitz Gonzalezen eta Fernando Aranberriren lanarekin hornituriko baliabidea
Imagen
22.05.25
Munduko hizkuntzei buruzko erakusketa ikusgai Lobianon

Euskaraldiaren baitan, 9etatik 21etara doan bisitatu daiteke igandera arte