Ermuko ikasleek bullyingaren inguruko Jagon programa ezagutu dute BBK Tour ibiltarian
BBKren Gizarte Ekintzak BBK Tour erakusketa ibiltaria Ermuan aparkatu du ostiralera arte, otsailak 10, bere proiektu eta ekimen nagusiak gerturatu eta ezagutzera emateko. Orbe Kardinala plazan kokatu da erakusketa, 140 metro karratuko espazio zabala hartzen du eta guztia autobus baten barruan mugitzen da herri batetik bestera.
Erakusketa bost espazio berezitan banatzen da, eta lau arlo tematiko ezberdin ditu, biztanleria talde ezberdinei zuzenduriko ikus-entzunezko materiala erakutsi eta hainbat ekimen eskaintzeko.
Ongarai Institutuko ikasleak gaur goizean izan dira instalazioan eskola-jazarpenaren aurkako Jagon programa hobeto ezagutzeko. Hezkuntza programa honen helburua bullying edo eskola-jazarpenak Bizkaiko ikastetxeetan eragiten dituen gatazken aurka borrokatzea da, eta prebentzioa eta kontzientziatzea dira Jagonek jarraitzen dituen estrategiak arazo honen ondorioak saihesteko. Horren harira, Jagonek ikasleei beraien ingurunean eskola-jazarpena detektatzen eta prebenitzen irakasten die, eta salatzeko mekanismo anonimoak erakutsi, jazarleen zigorgabetasunarekin amaitu eta jazarriak izan direnenganako enpatia zabaldu nahi ditu. Gainera, erakusketara gerturatzen diren bisitariek eskola-jazarpena jasaten duen ume batek sentitzen duena ikusi dezakete errealitate birtualaren bitartez.
Programa horretaz gain, prestakuntza eta praktiketako bekak, auto-enplegurako laguntza, gizarte- eta kultura-jarduerak eta programak, kultura eta sorkuntza, garapen iraunkorra eta ingurunea babestea edo autonomia fisiko, psikiko edo intelektualik ez dutenentzako laguntzaren inguruko informazioa ere eskuratu daiteke erakusketan.
Instalazioa honako bost espazioetan banatzen da:
- Ongi etorria ematekoa: aurkezpen-mezua, BBKren bilakaera historikoaren eskema eta zenbait gailu interaktibo.
- Totem zentrala: zenbait informazio-gune eta pantaila nagusia ikus-entzunezko edukiekin.
- 4 gune tematiko: parte hartzeko instalazio harrigarriekin.
- Txalaparta interaktiboa: BBK euskara bultzatzeko xedez dituen egitasmoen berri ematen du.
- Photocall BBK Live: jaialdirako sarrerak lortzeko eta BBKren beste ekimen batzuk kontsultatzeko aukera.
Erakusketara sarrera doakoa da, eta ostiralera arte, otsailak 10, 09:00etatik 20:00etara izango da ikusgai. Gainera, taldeentzat bisita gidatuak ere egin daitezke aurrez erreserbatuta, jfrias@alegria-activity.es helbidera idatzita edota 900 102 208 zenbakira deituta.
Lotutako albisteak

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du