Martxoaren 8an, guztiok batera berdintasunerantz

15.02.17
Berdintasuna

Hilabete baino gutxiago falta da egun oso berezi bat ospatzeko, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Urtero bezala, Ermuko Emakumeen Topalekuak aurtengo martxoaren 8a iragarriko duen kartel lehiaketa antolatu du, eta jada badugu irabazlea.
Berdintasunerantz batera – Juntas por la igualdad du izena lehiaketa irabazi duen lanak, eta Esther Alonso Ciria leioarra da egilea, 1980an jaioa. Bere hitzetan, Berdintasunerantz batera lozorrotik esnatzen ari den gizarteari oihua da, berdintasunaren alde batera borrokatzen diren emakumeei, desberdintasunen aurrean defendatuz eta elkar ulertuz.

Emakumeen arteko elkartasuna islatzen du obrak, desberdintasunak desberdintasun, helburua garbia delako: emakume izate hutsagatik baztertzen duen gizartean aukera berdinak izatea. Beldurrik gabe euren etorkizuna eraikitzen duten emakumeak, ezberdintasunekin eta dibertsitatearekin aberastuz. Hortik jaiotzen da hazia, eta diskriminaziorik gabeko, berdintasunezko eta errespetuzko mundu berri baten itxaropena hazten da bertatik.

Egileak 600 euro eta ziurtagiria jasoko ditu sari gisa, eta bere lanak martxoaren 8rako kartela eta egingo den programa apainduko ditu.

19 lan, irabazle bakarra

Lehiaketako epaimahaia Beatriz Gamiz Berdintasun zinegotziak, Ermuko Udaleko Berdintasun teknikariak, Berdintasun Kontseiluko bi kidek eta Arte Ederren eta diseinuaren arloko bi adituk osatu dute.

Guztien artean lehiaketara aurkeztu diren 19 lanak baloratu dituzte, kontuan izanik, besteak beste, obraren mezua eta eduki sinbolikoa, itxura edo erakargarritasuna, teknika, kartel bezala betetzen duen dibulgazio funtzioa, orijinaltasuna eta freskotasuna.
Epaimahaiak lan guztiak banan-banan ikuskatu ditu, eta aurre-hautaketa baten ostean, sei finalistak aukeratu dira, euren ustez onenak direnak. 5, 6, 8, 10, 12 eta 18 zenbakidunak izan dira hautatuak, eta 10. zenbakiak jaso du garaikurra, sei bototik hiru lortuta.

Epaimahaikideen aburuz, Esther Alonsoren lana kartel garbia eta dotorea da, konposizio orekatua du eta kubismoa gogorarazten du, lerro kurbatuak nagusi direla. Bi emakumeren aurpegiak ageri dira elkar lotuta fondo zuri batean, eta ikur feministak agertzen dira. Horrela, elkartasun eta batasun mezua islatzen da. Aurpegietatik zuhaitz-adarra hazten da, etorkizunaren eta berdintasunezko mundu baten itxaropenaren sinboloa. Gainera, ikuspuntu teknikoari dagokionez, oso ongi egindako kartela da.

Finalisten artean gelditu eta epaimahaikideen botoak jaso dituzten beste kartelak ondokoak dira:

  • 5 zenbakia: Sinplemente tú,Jorge Ignacio Dávila Zarauzko (Gipuzkoa) bizilagunaren lana.
  • 12 zenbakia: Aski da! – ¡Basta ya!, Iñaki Fernández Iturmendi Arreko (Nafarroa) bizilagunaren obra.
  • 18 zenbakia: En nuestras manos, Juan Diego Ingelmo Benavente Burrianako (Castelló) bizilagunaren lana.

Egileari buruz

Esther Alonso Ciria, kartel irabazlearen egilea, Arte Ederretan Lizentziatua da EHUn 2005ean, eta diseinatzaile grafikoa eta ilustratzailea da.

Esther Stramb da bere izen artistikoa, eta sarritan parte hartzen du mota honetako lehiaketatan. 2016an, esaterako, Leioako eta Urdulizko San Juan jaietako kartel lehiaketetan lehen sariak eskuratu zituen.

Ermuko Emakumeen Topalekuak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten pertsona guztiei, eta gogorarazten du martxoan zehar obra guztiak Izelaieta kaleko 12. zenbakiko instalazioan egongo direla ikusgai.

Lotutako albisteak

Imagen
16.04.25
Eraiki ditzagun Ermuko jaiak berdintasunetik

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte
Imagen
14.04.25
Aste Santuko ordutegi bereziak Udal instalazioetan

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko
Imagen
19.03.25
Elkarrizketa eta errezital poetikoa, Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan