Aquananda ikastaro berritzailea aurkeztu du Ermuak hil honetarako

02.03.17
Kirolak

Fisioterapia eta errehabilitazio metodo hau bereziki onuragarria da psikomotrizitate arazoak dituzten haurrentzat

Diagnostikatu gabeko Gaixotasunek Kaltetutako Haurren Elkarteak (AFESD), Udal Kirol Erakundeak eta Ermuko Udalak indarrak batu dituzte herriko lehenengo Fisio-Hidroterapia edo Aquananda ikastaroa antolatzeko.

José Ramón Gombau Kirol zinegotziak, Estíbaliz Blanco AFESDeko presidenteak eta Antton García udaleko Kirol Teknikariak aurkeztu dute ekimen berritzaile hau. Batez ere mugikortasuneko edo garuneko arazoak dituzten 0 eta 12 urte arteko haurrei eta euren familiei zuzendutako ekintza da, baina helduagoek eta inongo patologiarik ez duten pertsonek ere parte hartu dezakete.

Aquananda terminoa acqua (ura) hitz latindarra eta nanda (ongizatea) sanskritoa batzetik dator. Metodo honek oinarrizko erreflexuak aprobetxatzen ditu, bizitzako 4. eta 6. hilabeteen artean agertu ohi diren erantzun motor estereotipatuak, alegia, eta horiekin psikomotrizitatea estimulatzeko terapia garatzen da. Uretan egiten dira ariketa guztiak, grabitaterik ez dagoenez, askoz errazagoa baita lurrean ezinezkoak edo oso konplikatuak izango liratekeen zenbait mugimendu egitea. Uraren energia, beraz, estimulatzeko eta giharrak indartzeko metodo gisa erabiltzen da, batez ere, psikomotrizitate arazoak dituzten haurrekin.

Parte hartzen duten ume guztiak guraso edo senideek lagunduta egongo dira; izan ere, uraren onurak aprobetxatzeaz gain, etxekoen konpainian asti ederra igarotzea da helburua.

Boris Guinzbourg doktorea izango da ikastaro honetako irakaslea, eta 30 urteko esperientzia dauka Italian metodo hau martxan jartzen. Errusian jaioa da, eta gorputzak uretan murgiltzeak dituen eraginen eta grabitaterik ezaren aurrean dituen erantzunen inguruko ikerketa proiektuetan parte hartu du. Gainera, haur eta helduentzat hidromotrizitate metodo pertsonalak garatu ditu, bai psikomotrizitatea garatzeko, baita ohiko errehabilitazio tratamendu medikuen gehigarri gisa lantzeko ere.

Izen-ematea zabalik astelehenetik aurrera

Ikastaroa zabalik dago bai Ermuko parte-hartzaileentzat, baita beste herrietako pertsonentzat ere. Bost egunez egingo da, martxoaren 20tik 24ra, Miguel Ángel Blanco udal kiroldegiko igerilekuan. Parte-hartzaileak bi taldetan banatuko dira, bakoitza gehienez 10 pertsonakoa izango delarik, eta egunean 90 minutuko saioak jasoko dituzte: 17:45etik 19:15era, edota 19:15etik 20:45era.

Izena emateko epea zabalik egongo da martxoaren 6tik, astelehena, hilaren 17ra, ostirala. Ikastaroak 100 euroko prezioa du, bai UKEko bazkideentzat, baita bazkide ez direnentzat ere. Izen-ematea kiroldegian bertan egin daiteke ohiko irekiera ordutegian.

Ekimen honekin, AFESDen helburua, Estíbaliz Blancoren hitzetan, familiek aukera eta esperientzia hau aprobetxatzea da, “emaitza onak” ematen baititu: “Terapia hau jarraitzen duten eta psikomotrizitate arazoak dituzten haurretan aurrerapenak ikusi ditugu”. Gainera, horrelako arazoak jasaten dituzten familiak batzeko eta laguntzeko asmoa du AFESDek. Dena dela, ekimen honek ez du irabazi asmorik: “Tartean behin ikerketarako dirua biltzeko ekintzak antolatu izan ditugu, baina oraingoan ez da horrela izango; izen-emateekin bildutako diru guztia ikastaroaren kostuak ordaintzeko erabiliko da”.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Kirola beti; baita Gabonetan ere

Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Imagen
Personas usuarias en la instalación
31.10.25
Kiroldegiak neguko ordutegia izango du asteburu honetatik Aurrera

Zabalik egongo da 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeak barne
Imagen
14.10.25
Ermua: pertsona aktiboak, hiri osasuntsua

Ermuak abenduaren 10ean lehen Kirol Gala egingo du eta leloa goiburukoa izango da