Nahita aldizkariak argitalpen horren inguruko inkestaren emaitzak argitaratu ditu

15.03.17
Berdintasuna

2017. urte honetan Nahita aldizkariaren hamargarren urteurrena ospatzen da. Ermuko Udaleko Berdintasun Sailak argitaratzen duen aldizkariak gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna bultzatzeko egiten den lana jakitera ematea du helburu.

Urteurren hori dela eta, Ermuko herritarrek aldizkariaren inguruan duten iritzia jasotzeko eta udalerrian nahiz hemendik at duen eragina ezagutzeko inkesta bat burutu du Berdintasun Sailak. Galdetegia betetzeko epea, online nahiz paperean, martxoaren 8an amaitu zen, Emakumeen Nazioarteko Egunean, eta jada baditugu emaitzak.

Guztira 74 pertsonak parte hartu dute inkesta boluntarioan: 59 emakumek eta 15 gizonek. Gehienek (56) udal webgunearen bitartez erantzun dituzte galderak, eta 18 pertsonak, aldiz, papereko formatua erabili dute.

Parte-hartzaileen adinari dagokionez, inkesta bete duten pertsona guztiak 19 eta 69 urte bitartekoak dira, eta 30-49 adin-tartekoak izan dira nagusi (%51,35).

74 pertsonek Nahita aldizkaria ezagutzen dutela adierazi dute, askok hastapenetatik (34), eta %42k aldizkaria oso-osorik irakurtzen dutela azaldu dute. %29,73k Nahitaren atal batzuk soilik irakurtzen ditu, %21,62k gainbegirada bat ematen dio eta 5 pertsonak, aldiz, aldizkaria ezagutu bai baina ez dutela irakurtzen aitortu dute.

Atal jakin batzuk soilik irakurtzen dituztela azaldu duten pertsonek gaiaren interesaren edo hizkuntzaren arabera aukeratzen dituztela azpimarratu dute. Horrela, inkesta bete duten pertsonen iritziz, atalik interesgarrienak erreportajea, editoriala, programazioa eta albisteak dira. Aldiz, denborapasek ez dute irakurleen arreta deitzen.

Aldizkari fisikoa digitalaren gainetik

Ermuko Emakumeen Topalekua da irakurleek Nahita aldizkaria eskuratzeko duten toki nagusia (%38,46); jarraian datoz herriko dendak eta lokalak (%27,69) eta udaletxea eta bestelako udal zerbitzuak (%23,08). Datu horiek agerian uzten duten moduan, papereko edizioak arrakasta handiagoa du edizio digitalak baino. Hori horrela, inkesta bete duten pertsonen 580ak baino gehiagok ez du nahi aldizkaria modu digitalean soilik argitaratzea.

Amaitzeko, 13 pertsona Nahita aldizkariaren erredakzioan parte hartzeko prest agertu dira, eta 16 parte-hartzailek euren datuak eskaini dituzte aldizkaria etxean edota helbide elektronikoan jaso ahal izateko.

Berdintasun Sailak eskerrak eman nahi dizkie inkestan parte hartu duten pertsona guztiei, euren erantzunekin agerkariaren kalitatea hobetzen laguntzen baitute.

Lotutako albisteak

Imagen
28.11.25
‘Beldur Barik Ermua’ lehiaketak bi kategoriako bost talde saritu ditu

Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
Imagen
25.11.25
Ermua, emakumeenganako indarkeriaren aurka

Azaroak 25: herritarren elkarretaratzea, adierazpen instituzionala eta mobillizazio feminista
Imagen
18.11.25
Azaroak 25eko jardueren programa aurkeztu da

Indarkeria matxistaren aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egingo da eguerdian plazan