XVII. Jardunaldi Gastronomikoetan murgilduko da Ermua

08.06.17
Gizartea

Lobiano Elkarte Gastronomikoak beste urte batez jada ezagunak diren Ermuko Jardunaldi Gastronomikoak antolatu ditu. Aurtengoan ekainaren 12tik 18ra izango dira. Berrikuntza nagusia? Ardo eta elikagaien azoka tradizionala bueltan da.

Herriko 32 establezimenduk parte hartuko dute aste osoan zehar pintxoen lehiaketan. Guztiek mokadu oso bereziak eskainiko dituzte, Jardunaldi Gastronomikoetarako bakarrik prestatuak, 1,50 euroren truke. Pintxoak taberna bakoitzaren ohiko ordutegian dastatu ahalko dira. Aurreko edizioetan bezala, epaimahaia establezimendu finalistetatik igaroko da ostegunean, 17:00etatik aurrera. Aurtengo epaimahaia Josu Mugerzak (Elgoibarko Belaustegi jatetxea), Koldo Kortabitartek (Durangoko Kobika jatetxea), Josema Azpeitiak (Ondojan aldizkariko kazetaritza lanagatik Euskadi Gastronomia sariduna) eta antolakuntzako kide batek osatuko dute. Epaimahaiak lehiaketa irabazi duen taberna hautatuko dute, eta horrek El Corte Inglesek babestutako erosketa txekeak eta, Estrella Galiciak babestuta, egilearen pisua garagardotan jasoko du.

Epaileen sariaz gain, publikoak gehien botatutako pintxoaren diploma ere banatuko da. Botoa internet bidez eman ahalko da datorren ostiraleko gaueko hamabiak artean Ermuko Udalaren webgunean.

Bestalde, ekainaren 17an, larunbata, azoka gastronomikoa izango da Orbe Kardinala plazan. Bertan, elikagai ugari topatuko ditugu (gazta, hestebeteak, kontserbak, barazkiak, frutak, gozokiak...), baita Txakoli Astobiza, Bodegas Rioja Alta, Campillo, Valenciso eta Luis Cañas bezalako upategiak ere, besteak beste.

14:30etik aurrera, gainera, Ermuko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak antolatutako paella herrikoi eta solidarioaren banaketa hasiko da, Lumagorri eta Euskolabel-Haziren laguntzarekin. Txartela 5 eurokoa izango da, edaria eta kafea barne. 0 lerroko txartelak ere salgai izango dira, euro baten truke. Ekimen honi esker bildutako dirua gure herriko familia behartsuenei laguntzeko izango da. Txartelak aldez aurretik herriko hainbat tokitan erosi ahal izango dira edo egunean bertan plazan.

Azkenik, 18:30ean, bakailao lehiaketa izango da plazan. Gehienez ere 25 bikotek parte hartu ahalko dute, eta izen-ematea Urkoiz Autoeskolan egin beharko da. Bacalao Alkorta, Aceite Butamarta eta Bodegas Arral dira lehiaketaren babesleak, eta partaide guztiak txango bat egitera gonbidatuko dira. Irabazle diplomez gain, hiru sari banatuko dira: lehenengo bikoteak Sagarra GastroBar-en lau lagunentzat afaria eskuratuko du; bigarrenak, bi lagunentzako afaria Mendiola jatetxean; eta hirugarrenak, aldiz, bi lagunentzako afaria Urkaregi jatetxean. Bikote garaileak, gainera, Eibarko Eroskik emandako Seleqtia produktuen lote bat eskuratuko du.

Dastatze-afaria eta show cooking

Pintxo lehiaketaz gain, astean zehar ekimen ezberdinak burutuko dira Ermuko Jardunaldi Gastronomikoen hamazazpigarren edizioko programaren baitan. Esaterako, asteazkenean, ekainak 14, dastatze-afaria izango da Baluarte jatetxeko Óscar García Marina sukaldariarekin. Hitzordua 21:00etan izango da Txalaparta elkartean, eta parte hartu ahal izateko, Probaleku kaleko Mahasti ardandegian izena eman beharko da. Afarian zerbitzatuko den menua esteka honetan kontsultatu daiteke.

Bestalde, ekainaren 16an 19:30etik aurrera, Finca Las Manillaseko Bea Castillak eta Raúl Gonzálezek show cooking-a aurkeztuko dute, oliba olio birjina estra protagonista izango duena. Castillak eta Gonzálezek olioak, marmeladak, perlak eta oliba haziak erakutsiko dizkigute, eta oliba olioak sukaldean izan ditzakeen erabilera ezberdinak proposatuko dituzte. Bukatzeko, zuzeneko musikarekin girotuta, produktu dastaketa egingo da: pintxoak, olio yogurta, oliba haziak... Hori guztia, Lobiano Kultur Gunean eta liburutegiko hallean.

Laburrean, honela izango dira Ermuko XVII. Jardunaldi Gastronomikoak:

  • Ekainaren 12tik 18ra: Ostalarien pintxo lehiaketa
  • Ekainak 14: Dastatze-afaria Baluarte jatetxeko Óscar García Marinarekin
  • Ekainak 16: Show-cooking Finca Las Manillas oliba-olio birjina estrarekin
  • Ekainak 17: Azoka gastronomikoa, paella solidarioa eta bakailao lehiaketa

Programa osoa, hemen.

Lotutako albisteak

Imagen
21.05.25
drOp proiektuari buruz hausnartzeko eta emaitzak aurkezteko ekitaldia

Ostiralean Izarra Centren, 9: 30etatik 14:00etara gauzatuko den jardunaldian
Imagen
21.05.25
Gu guztion lana da Ermua jasangarriago egitea

Zure iritzia garrantzitsua da! Erantzun inkestari eta parte hartu saio irekietan
Imagen
20.05.25
'La cita' eta 'La buena letra' asteko zine komertzialaren proposamenak

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan