Sagarra GastroPub eta ‘Marisco de Tierra’, Ermuko Pintxo Lehiaketan garaile
Amaitu dira Ermuko XVII. Jardunaldi Gastronomikoak, eta horiekin batera, herriko ostalarien Pintxo Lehiaketa. Epaimahaiak aurtengo garaileak jakinarazi ditu, eta Sagarra GastroPubak irabazi du lehenengo saria “Marisco de Tierra” pintxoari esker.
Epaimahaia Elgoibarko Belaustegi jatetxeko Josu Mugerzak, Durangoko Kobika jatetxeko Koldo Kortabitartek, Ondojan aldizkariko Josema Azpeitiak eta antolakuntzako kide batek osatu dute. Lauren artean lehenengo saria Sagarra GastroPubari ematea erabaki dute, horren pintxoaren estetikak eta koloreak euren arreta deitu baitu. “Marisco de Tierra” ogi-tostada kurruskariak, Gochuyang frijituak, hankek eta, guztiaren gainean, lima ukituak dituen bieirak osatzen dute.
Lehiaketako bigarren saria Giroa tabernak eskuratu du, “Gyoza Giroa” pintxoarekin; txahal haragiz eta foiez betetako japoniar raviolia. Hirugarren lekuan, aldiz, Infreñu tabernaren “20 Urte Talo-Kenos-kena” sailkatu da. Tabernaren 20. urteurrena ospatzeko sortutako taloa da, sekretu iberikoarekin, humusarekin, fruitu lehorrekin, yogurt saltsarekin eta kimuekin osatua.
Bestalde, epaimahaiak Jai tabernaren “¡Solo la mar!” pintxoa saritu nahi izan du lehiaketako Pintxorik Berritzaileenari Saria emanez. Izan ere, mokadu original honetan, ostra maskor baten barruan, legatz kokotxa baratxuri eta almendra saltsan aurkezten da. Originaltasunari eta zapore ederrari esker, sari berezia eskuratu du.
Adostasuna epaimahaiaren eta publikoaren artean
Epaimahaiaren erabakiaz gain, publikoak ere bere pintxo gustukoena hautatzeko aukera izan du www.ermua.es udal webguneko inkesta baten bitartez. Horrela, herritarren botoak Sagarra GastroPuben garaipena azpimarratu du, botoen %15a baino gehiago lortuta. Bigarren postuan gelditu da Infreñu, botoen %11,83rekin, eta hirugarren tokian, aldiz, Pata Negra, %10,22arekin.
Inkesta 300 pertsonek hasi dute, baina 186 pertsonek soilik osatu dute. Hori dela eta, 186 boto horiek hartu dira kontuan.
Lotutako albisteak
Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.






























