Abian da Emakumeen Topalekuaren Artestura Feministak lehiaketa
Artea balioak adierazi eta transmititzeko modu bat da, eta hortaz, gizartearen errealitatea aztertzeko eta eraldatzeko funtsezko tresna da. Hala eta guztiz ere, New Yorkeko Metropolitan Museum-en obrak erakusten dituzten artistetatik %4 bakarrik dira emakumeak; aldiz, artelan biluzien %76an emakumezkoak ageri dira. Madrilgo Museo del Pradoren kasuan, 5.071 gizonezko artistek erakusten dituzte euren lanak, baina 41 emakumezkok soilik. Askoz emakume gehiago daude artearen munduan, baina haien lana ikusezina da.
Gauzak horrela, Euskal Autonomi Erkidegoko Emakumeen Etxeen Sareak Artestura Feministak lehiaketa jarri du martxan. Horren helburua emakumeen sormena eta produkzio artistiko feminista bultzatzea da. Gainera, euren lana ikusgarri egitea eta aintzat hartzea nahi da, artea sortzen duten emakumeak ezagutzera emateko, artea lanbide izan edo ez izan.
Parte-hartzea EAEn bizi diren 18 urtetik gorako emakume guztientzat dago zabalik, eta bakarkako nahiz taldekako lanak aurkeztu daitezke; hori bai, pertsonako lan bakar batera mugatuta.
Lehiaketak arte adierazpen ezberdinak onartzen ditu, ikus-entzunezkoak izan ezik: marrazkiak, pinturak, diseinu grafikoak, eskulturak, zeramikak, argazkiak, komikiak... Bete beharreko baldintza bakarra jatorrizko lanak, aurrez argitaratu gabeak izatea da, eta emakume etxeen filosofia eta baloreak islatu beharko dituzte.
Lanak aurkezteko epea zabalik dago 2017ko irailaren 29a arte, eta emakume etxeen sareko herrietako erregistroetan entregatu beharko dira. Gure kasuan, Ermuan, obrak Abiapuntun aurkeztuko dira (Konbentukua kalea) astelehenetik ostiralera 8etatik 14etara uztailean eta abuztuan eta 8etatik 15etara irailean.
Sareko herri bakoitzean 400 euroko sari bat eta 200 euroko aipamen berezi bat banatuko dira. Gainera, emakumeen etxe bakoitzak euren iritziz onenak diren lanak aukeratuko ditu aurrerago egingo den erakusketa ibiltarian parte hartu dezaten.
Zer da Emakumeen Etxeen Sarea?
Euskal Autonomia Erkidegoko Etxeen Sarea 2016an jaio zen, eta Emakumeen Etxeen proiektua indartzea du helburu, oinarri komun batzuetatik abiatuta: berezko espazio bat eskaintzea emakumeei, euren parte-hartze soziala eta politikoa bultzatzea politika publikoetan jardun dezaten, laguntza eta elkartasun sareak sortzea, eta haien ahalduntzea sustatzea, banakakoa nahiz kolektiboa.
Arrasateko, Azpeitiko, Basauriko, Donostiko, Durangoko, Eibarko, Ermuko eta Ondarroako emakumeen etxeek osatzen dute Sarea. Iaz egin zen elkarlaneko lehenengo proiektua: Testurak, sareko herri bakoitzean egin zen bertsolaritza saioa. Aurten, Artestura Feministak lehiaketaren emaitza gisa, zortzi udalerrietatik igaroko den erakusketa ibiltaria egingo da.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan