Emakumeen Topalekuak jarduera programa anitzarekin hasi du ikasturtea
Udako atsedenaldiaren ostean, Ermuko Emakumeen Topalekuak ohiko jarduerari ekin dio berriro ere eta irailetik azarora bitartean eskainiko diren ikastaroen eta formazio tailerren egutegia prestatu du.
Eskaintzak 4 ikastaro jasotzen ditu; 56 orduz euskaraz nahiz gazteleraz ikasteko, dibertitzeko eta formatzeko aukera, hain zuzen. Jardueren programa biribiltzeko, gainera, EAEko Emakumeen Etxeen Sareak antolatu duen Artestura Feministak lehiaketa topa dezakegu.
Datozen asteetan eskainiko diren ikastaroak honakoak izango dira.
- Indarkeria kontsumitzen dugu?: Ikus-entzunezko sorkuntzako lantegi honetan, parte-hartzen duten pertsonek indarkeria matxisten eta kontsumoaren inguruko film labur bat era kolektiboan sortu ahal izateko tresnak ezagutzeko aukera izango dute. 20 orduko iraupena izango duen ikastaro hau irailaren 22an hasiko da, eta ostiralero eskainiko da (urriaren 13an izan ezik) datorren urriaren 27ra arte, 16:30etik 20:00etara. Ekimena Setemek, Emakumeen Topalekuak, Nushu Gazte Feministak eta Ermuko Udalak antolatu dute.
- Feminismoa marrazten: Emakume gazteei zuzendutako tailerra da hau, eta esperientzia izatea ez da beharrezkoa. Gai feministak jorratuko dira ilustrazio teknika anitzen bitartez, Nagore Txintxurreta irakaslearen eskutik. Horrela, ikastaroan zehar gure gorputzen eta izatearen kontzientzia landuko da, eta gizartean emakumeek bizi duten egoerari buruzko gogoetak egingo dira bitarteko plastikoak erabilita. Hori guztia espazio eroso, goxo eta dibertigarrian, gogoeta, aldarrikapena eta jarrera kritikoa uztartuz. Saioak urriko asteazken guztietan izango dira, 4tik hasita (8 ordu guztira), 18:00etatik 20:00etara, eta izen-ematea 5 eurokoa izango da.
- Zahartze feministari buruzko tailerra: Zahartzarora gure bizitzaren garai horretan pairatuko dugun bazterketa eta ikusezintasunari buruz ezer jakin gabe iristen gara emakumeok. Eta are okerrago: adinkeriak sortzen dituen aurreiritzi eta estereotipo guztiak barneratuta heltzen gara. Emakume zaharrenganako aurreiritziak onartzean, gure buruari etorkizunerako iruzurra eraikitzen ari garela jakitea ezinbestekoa da. Abiapuntu horrekin, tailer horretan parte hartzen duten pertsonek adinkeria zer den eta, jakin gabe, nola pairatzen den ikasiko dute, Bizitzen Fundazioaren eskutik. 20 orduko ikastaroa urriaren 16an hasiko da, eta astelehenero eskainiko da 17:00etatik 19:00etara azaroaren 20a arte.
- Emozioen autogestio feminista: Ekimen honetan, besteak beste, honako gaien inguruan hitz egingo da: beldurrak, erruak, poztasuna, zoriontasunaren esanahia, itxaropenek eta errealitatearen pertzepzioak gure pentsamenduen gain duten eragina... Gure buruarekin ditugun bakarrizketen inguruan eta barne elkarrizketa horien garrantziaz ere mintzatuko da; izan ere, gure aliatua bilakatuz gero, autoestimu sortzaile bikaina izan daiteke. Eider Pérez irakasleak eskainiko du 8 orduko tailer hau azaroko ostegunetan (2an, 9an, 16an eta 30ean), 18:00etatik 20:00etara. Matrikulazioa 5 euroren truke egin ahalko da.
Azkenik, gogorarazi nahi dizuegu aipatutako Artestura Feministak arte adierazpenen lehiaketak abian jarraitzen duela. Ekimen honen helburua emakumeen sormena eta produkzio artistiko feminista bultzatzea da. Gainera, euren lana ikusgarri egitea eta aintzat hartzea nahi da, artea sortzen duten emakumeak ezagutzera emateko, artea euren lanbide izan edo ez izan.
Lehiaketak arte adierazpen ezberdinak onartzen ditu, ikus-entzunezkoak izan ezik: marrazkiak, pinturak, eskulturak, diseinu grafikoak, zeramikak, argazkiak, komikiak... Baldintza bakarra lan originalak izatea da, aurrez inon argitaratu gabeak, eta emakumeen etxeen filosofia eta balioak islatu beharko dituzte.
Lanak datorren irailaren 29ra arte aurkeztu daitezke Abiapuntun, astelehenetik ostiralera 8etatik 15etara. Lehiaketa irabazten duen pertsonak 400 euroko saria jasoko du, eta 200 euroko aipamen berezi bat ere banatuko da. Gainera, Emakumeen Topaleku bakoitzak lanik onenak hautatuko ditu aurrerago erakusketa ibiltari batean parte hartu dezaten.
Hiruhileko honetako tailerren edo Artestura Feministak lehiaketaren inguruko informazio gehiago behar izanez gero, Izelaieta kalean kokatzen den Emakumeen Topalekura jo edo bere mikrositea kontsultatu daiteke.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan