‘Arotzaren eskuak’ eleberriak irabazi du Ezekiel Etxebarria saria

05.10.17
Euskara

Alberto Ladrón Arana idazle nafarrak Ermuko Ezekiel Etxebarria literatura saria jaso du ostegun honetan, azken urtean udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko liburuaren autorea baita.

Ez da idazleak eskuratzen duen lehenengo saria; izan ere, Irun Hiria eta Agustin Zubikarai sariak ere lortu ditu jada Itzalaren baitan eta Xake Mate lanei esker.

Ezekiel Etxebarria sariak herriko idazle eta apaizaren izena darama, eta aurreko edizioetan Jon Maiak, Karmelo Jaiok, Kirmen Uribek bi bider, Irati Jiménezek, Katixa Agirrek, Antton Irustak eta Eskarne Mugikak jaso dute.

Oraingo honetan, Alberto Ladrón Aranaren Arotzaren eskuak (2006)lana izan da saritua; gazteleraz ere eskuragarri dago liburua, Las manos del carpintero izenpean. Honakoa da suspensezko eleberriaren sinopsia:

Ane, bikotearekin utzi eta autoestimu arazoak dituen Iruñeko gaztea, hilberri den aitonaren baserri bakartira joango da denboraldi baterako, bere burua aurkitzeko asmoz. Bertan, baina, hamarkada batzuk lehenago jazotako hilketa batzuen aztarnak topatuko ditu, eta ikerketari ekingo dio Bigarren Mundu Gerra garaiko Frantziara bidaiatuz. Kasua argitzeko, polizia ohi baten laguntza izango du Anek; irakurleak, aldiz, autorearen babesa izango du, suspensea albo batera utzi gabe hizkera arinaz ustekabeko amaierara eramango duena.

Ezekiel Etxebarria saria idazlea omentzeko eta bere lana eskertzeko modu bat da, eta nolabait irakurlearen eta idazlearen artean zubia eraikitzen da, irakurleek eurek hautatzen baitute nor izango den sariduna.

Alberto Ladrón Arana oso pozik azaldu da saria jasotzearen inguruan, eta haren ustez, “balio berezia du saria irakurleek erabaki izanak, eta ez adituen epaimahai batek”.

Ezekiel Etxebarria sariaren palmaresa

Etxebarriaren omenez

Sari hau duela bederatzi urte sortu zen Ezekiel Etxebarria idazlea gogoratzeko eta Ermuan egindako lana aitortzeko asmoz. Etxebarria, Abadetxikia ezizenez ezaguna, 56 urtez Ermuko apaiza izan zen XIX. mendean. Bere euskaltzaletasuna oso agerikoa zen, eta euskarazko hainbat bertso idatzi zituen herriko orduko ohituren berri emanez.

Ugariak dira bere obran erlijio gaiak, ahoz aho transmititutako Gabon kantak eta herriko jaun eta lagunei eskainitako bertsoak, besteak beste, On Juan Valdespinako markes jaunari, Julian Gayarreri, Domingo Iturrarani eta Jose Iraegiri. Bertso-paper horiek guztiak 1996an aurkitu ziren Ermuko abade etxean, eta Fernando Aranberriren Ermua eta Eitzako euskara liburuan jaso ziren.

Bertso horiek ez dira, ordea, Etxeberriak egindako lan bakarra: 1899an Etimologías vascongadas o sea, Ensayo sobre interpretación y reconstrucción del Vocabulario Vascongado lana argitaratu zuen Durangon, eta loreen zainketaren eta ortuarien inguruan ere zaletasun aparta zuenez, artikulu ugari idatzi zituen. Ezekiel Etxebarria Ermuan hil zen, 1925eko abuztuaren 25ean.

Lotutako albisteak

Imagen
12.11.25
Olaia Inziartek bere bigarren diskoa aurkeztuko du Ermua Antzokian

‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Imagen
05.11.25
Dena prest XXXV. San Martin azokarako

Aurtengoa animaliarik gabeko edizioa izango da
Imagen
03.11.25
Gabon Negulekuetarako izen-emateak asteazkenean zabalduko dira

Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko