Ermuko lehenengo kalistenia parkea abian da Betiondon

28.11.17
Kirolak

Ermuko Udal Kirol Erakundeak jendaurrera zabaldu du herriko lehenengo kalistenia parkea. 150 metro karratuko aire zabaleko instalazio honetan, ariketa ezberdinak burutu daitezke modu osasungarrian eta naturatik gertu, ohiko gimnasio itxiek eskaintzen dituzten mugetatik kanpo.

Instalazioa Betiondoko kirolgunetik hurbil kokatzen da, gune natural batean, eta 14 urtetik gorako kirolzale guztiei zuzenduta dago, euren maila edozein dela ere. Izan ere, elementu ezberdinak batzen dira bertan: dominadak egiteko hiru barra, bi monkey bar –horietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta-, egokitutako bi baranda, bi barra paralelo baxu, bi barra paralelo altu eta zortzi zutoin bertikal. Parkean, gainera, kautxuzko zorua eta argi artifiziala jarri dira. Azpiegiturak guztira 35.000 euroko kostua izan du.

Parkearen inaugurazio ekitaldia

José Ramón Gombau Kiroletako zinegotziak, Juan Carlos Abascal eta Miguel Ledesma zinegotziekin batera, parkearen inaugurazio ekitaldian parte hartu du pasatu den ostiralean, azaroak 24. Kirolari gazteek instalazioak estreinatzeko aukera izan dute ekitaldian bertan, eta parkeak eskaintzen dituen aukerak erakutsi ahal izan dituzte.

Gombauk azpimarratu duenez, kirola egiten duten pertsona askoren onurarako izango da instalazio berria. Izan ere, “kalistenia ez dago ordutegien menpe, eta ez da begiralerik behar. Gainera, guztiz doakoa da eta, irudimena eta anatomia erabiliz, gorputzaren pisua erresistentzia gisa erabilita ariketa ezberdin ugari egiteko aukera ematen du”.

Horren harira, kalisteniak gizarte osagai handia duela adierazi du zinegotziak, ariketa fisikoa egiteaz gain, errespetua, gizarteratzea eta talde-lana bezalako baloreetan oinarritutako bizimodu osasungarria sustatzen baitu. Bestalde, horrelako instalazioen balioa goraipatu du, euren baldintzak direla eta gimnasio bat ordaindu ezin duten pertsonei kirola egiteko aukera luzatzen dietelako.

Azkenik, zinegotziek eskerrak eman nahi izan dizkiete parke hori sortzea proposatu zuten pertsonei, eta herrian jada badauden beste instalazio batzuekin batera, ariketa fisikoa egin, gozatu eta ondo pasatzeko espazio bat gehiago izango da.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Kirola beti; baita Gabonetan ere

Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Imagen
Personas usuarias en la instalación
31.10.25
Kiroldegiak neguko ordutegia izango du asteburu honetatik Aurrera

Zabalik egongo da 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeak barne
Imagen
14.10.25
Ermua: pertsona aktiboak, hiri osasuntsua

Ermuak abenduaren 10ean lehen Kirol Gala egingo du eta leloa goiburukoa izango da