Artestura Feministak 2017 lehiaketak baditu irabazleak
Aurkeztutako lanik onenek erakusketa ibiltaria osatuko dute
Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen Etxeen Sareak Artestura Feministak lehiaketaren lehenengo edizioko irabazleak iragarri ditu. Lehiaketaren helburua emakumeen sormena eta produkzio artistiko feminista bultzatzea da, ikusgarri eginez eta haien lanak aintzat hartuz, artea sortzen ari diren emakumeak ezagutzera emateko, artea euren lanbide izan edo ez izan.
Guztira 61 lan aurkeztu dira lehiaketara, eta pasatu den irailaren 29an amaitu zen aurkezteko epea. Ermutik 3 artelan aurkeztu dira ekimen honetara, Basauritik 21, Donostitik 14, Durangotik 15, Eibartik 4, Arrasatetik 3 eta Azpeititik eta Ondarroatik bana.
Lanak saritzeko unean, honako irizpideak izan dira kontuan: Emakumeen Etxeen nortasuna eta baloreak adierazteko, komunikatzeko eta transmititzeko duen balio edo ahalmena, feminismoaren aldarrikapenekin bat egitea, lan proposamenaren originaltasuna eta berrikuntza. Epai-mahaian hiru berdintasun teknikari, bi arte aditu eta emakumeen mugimenduko eta mugimendu feministako bi ordezkarik hartu dute parte.
8 pertsona izan dira irabazle euren lanei esker, eta beste 7 emakumek aipamen bereziak jaso dituzte. Honela gelditu da lehiaketako palmaresa:
Irabazleak:
- Duna, Leire Arenas Belamendia (Azpeitia)
- Katarsia, Gurutze Gisasola Martín (Basauri)
- Chumbeque, Sol Benavente Molina (Basauri)
- Sin título, Marian Puertas Aguilera (Basauri)
- Berdintasuna, Carmen Ibáñez Lahoz (Donostia)
- Oreketxe, Amaia Asategui Iturralde (Durango)
- Stan Lega, Aurore Pérez Fournier (Durango)
- Kontzientzia Saretua, Rosa Etxabe Barruetabeña (Durango)
Aipamen bereziak:
- Sin título, Silvia Ayerra Muruzaba (Arrasate)
- Hazia, Mª Jesús Gutiérrez-Solama Montoya (Basauri)
- Maria, Carmen Aduriz Aguado (Donostia)
- Erroak, Goiuri Aldekoa-Otalora Txintxurreta (Durango)
- Ikusi Makusi, Jone Bengoa Urizar (Eibar)
- Las Dos Fridas, Ines Arano Agirregomezkorta (Ermua)
- Ernatu, Agurtzane Arrizabalaga Larrinaga (Ondarroa)
Erakusketa ibiltaria
Artestura Feministak lehiaketan hautatutako 15 lanek erakusketa ibiltari bat osatzen dute orain, eta Durangon zabaldu ditu ateak pasatu den ostiralean. Horrela, sareko udalerri guztiek lehiaketako lanik onenak erakusteko aukera izango dute, euren kalitate artistikoagatik hautatu direnak eta Emakumeen Etxeen filosofia eta helburuak ongien islatzen dituztenak.
Ibilbideko hurrengo geltokia Ermua izango da, otsailean, eta ondoren Eibarren, Basaurin, Azpeitian, Donostian, Arrasaten eta Ondarroan izango da erakusketa 2018. urtean zehar.
Zer da Emakumeen Etxeen Sarea?
Euskal Autonomia Erkidegoko Etxeen Sarea 2016an jaio zen, eta Emakumeen Etxeen proiektua indartzea du helburu, oinarri komun batzuetatik abiatuta: berezko espazio bat eskaintzea emakumeei, euren parte-hartze soziala eta politikoa bultzatzea politika publikoetan jardun dezaten, laguntza eta elkartasun sareak sortzea, eta haien ahalduntzea sustatzea, banakakoa nahiz kolektiboa.
Arrasateko, Azpeitiko, Basauriko, Donostiko, Durangoko, Eibarko, Ermuko eta Ondarroako emakumeen etxeek osatzen dute Sarea. Iaz egin zen elkarlaneko lehenengo proiektua: Testurak, sareko herri bakoitzean egin zen bertsolaritza saioa. Aurten, Artestura Feministak lehiaketaren emaitza gisa, zortzi udalerrietatik igaroko den erakusketa ibiltaria egingo da.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan