Emakumeen Topalekua, 15. urteurrena ospatzeko prest

20.02.18
Berdintasuna

2003ko martxoaren 6an ireki zituen ateak Ermuko Emakumeen Topalekuak, Euskal Autonomia Erkidegoko gisa horretako lehenengo azpiegiturak, hain zuzen. Topaleku ermuarrak bide berri bati hasiera eman zion, eta atzetik etorri dira beste hainbat udalerri, Emakumeen Etxeen Sarea osatzera iritsiz.

Datorren martxoaren 6an, beraz, 15 urte beteko ditu Topalekuak, eta mugarri hori behar bezala ospatu nahi du Ermuko Udaleko Berdintasun Sailak. Horretarako, Berdintasun Kontseiluarekin elkarlanean, ekitaldi programa anitza prestatu du datozen egunetarako.

Martxoaren 6an bertan, asteartea, 12:00etan, erakunde ekitaldia egingo da Gobernu taldearekin batera. Ekimenean parte hartuko duten emakumeek denboran zehar emakumeak izan duen benetako egoera irudikatzen duten testuak irakurriko dituzte. Gainera, berdintasunaren alde topa egingo da, eta photocall bat egongo da argazkiak atera eta ekitaldiko irudiak gorde ahal izateko.

Berdintasun programa eta politiketan aritu diren pertsonak, gizarte eragileak, elkarte feministak eta Emakumeen Topalekuaren proiektuan aritu diren edo aritzen diren emakumeak ekitaldian parte hartzera gonbidatuta daude.

Bestalde, arratsaldez bisita gidatuak egingo dira Emakumeen Topalekuan, eraikina eta bertan lantzen diren programak ezagutu nahi dituzten pertsona edo elkarteei zuzenduta. Bisitak ahalik eta egokien antolatze aldera, aurrez izena ematea eskatzen da eraikinean bertan.

Egun osoan zehar, Topalekuko ikastaroetan parte hartzen duten emakumeen sortutako mural batek apainduko du eraikinaren aurreko aldea. Gainera, martxoaren 6tik 8rako gauetan, Topalekua lila kolorez argiztatuta egongo da.

Ospakizunek aurrera egingo dute astean zehar

Martxoaren 7an, asteazkena, 17:30etik aurrera, World Cafe bat izango da Topalekuan, instalazioaren, bere helburuen, parte-hartzearen, Ermuan duen eta izan duen eraginaren eta etorkizuneko erronken inguruan mintzatzeko. Bilera horretako ondorioak graphic recording batean bilduko dira, eta Nahita aldizkaria eta udal webgunea bezalako kanalen bitartez ezagutaraziko dira.

Azkenik, martxoaren 10ean, larunbata, 12:30etik aurrera jai kutsu handiagoa duen topaketa izango da Martxoak 8 plazan. Bertan La Kora abesbatza feministaren emanaldia ospatuko da, eta herriko kaleetan zehar kalejira egingo da, danbordun eta perkusiodun emakumez osatutako andra-banda feministen eskutik. Ermuko, Gasteizko, Bilboko eta Durangoko taldeek parte hartuko dute bertan, besteak beste.

15. urteurren honek martxoaren 8ko ospakizunekin bat egiten duen arren (Emakumeen Nazioarteko Eguna), ekitaldi bakoitzak bere kabuz duen garrantzia azpimarratu nahi da. Beraz, martxoaren 8rako beste programa bat prestatuko da.

Berdintasun Sailak antolatu diren ekintzetan parte hartzeko deia egiten die herritarrei, entitateei eta elkarteei.

Lotutako albisteak

Imagen
16.04.25
Eraiki ditzagun Ermuko jaiak berdintasunetik

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte
Imagen
14.04.25
Aste Santuko ordutegi bereziak Udal instalazioetan

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko
Imagen
19.03.25
Elkarrizketa eta errezital poetikoa, Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan