Norbanakoar Hizkuntza Eremuaren inguruko tailerra, 'Euskaraldia' prestatzeko
Euskaraldia era koordinatu batean Euskararen lurralde osoan egingo den ekimena da, horren bidez euskaldunak aktibatu nahi dira eta baita nahiz eta hitz egin ez, baina ulertzen duten horiek ere erakarri nahi dira azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den ekimen honetara. Horretarako bi figura sortuko dira, Ahobizi izenekoa, edozein momentutan edonorekin euskaraz aritzeko prest dagoena eta Belarriprest deiturikoa, ulermen maila nahiko izanda komunikaziorako oztoporik jarriko ez duena, nahiz eta berak gaztelania erabili.
Dagoeneko Ermuan hilean behin Euskaltzaleen sarea batzen da eta proposaturiko ekintzen artean TELP ikastaroa dugu. Horren bitartez euskara erabiltzeak deserosotasuna sortzen diguten egoerak aztertu eta erantzun egokia ematen ikasiko dugu, baliabideak eskuratuz eta erosoago sentiarazten,
Izan ere, leku ezezagun batera joan eta zein hizkuntzan hitz egin zalantza sortzen da maiz edo gazteleraz hitz egiten hasi eta parekoak euskaraz badakiela ohartzean, egoera deserosoak sortzen dira. Horiek guztiak saihesteko eta halako egoeratan nola jokatu jakiteko antolatutako tailerra da TELP. Hobetzeko ditugun ohituretan eragiteko baliabideak eskaintzen ditu, ohitura eta esperientzia propioei arreta berezia jarriz.
TELP tailerrak (Taller d´Espai Lingüístic Personal) Herrialde Katalanetan du sorburua Ferran Suay eta Gemma Sangines psikologoek sortu zuten duela sei urte eta orduz geroztik 40 ikastaro baino gehiago eman dituzte. Gehienak Herrialde Katalanetan, baina Galizia eta Euskal Herrian ere izan dira.
Tailer hau EMUN Hizkuntza Aholkularitzak emango du, bost orduko bi saiotan banaturik, martxoaren 17 eta apirilaren 21ean, goizeko 9:00etatik 14:00etara bitartean. Ikastaroa doan da, baina plaza mugatuak ditu, hori dela eta izena eman beharra dago bai euskara@udalermua.net edota ermukoeuskaltzaleensarea@gmail.com helbidera idatziz edo 943179147 telefonora deituz.
Lotutako albisteak
‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko