Gizarte-zentroa berrirekitzea pozarren hartu du Sallabente auzoak

06.03.18
Gizartea

Sallabente auzoak besoak zabalik hartu du Miguel de Unamuno gizarte-zentroaren berrirekitzea. Pertsona ugari bildu ziren ostiral arratsean instalazioaren aldi berriaren aurkezpen ekitaldira. Gizarte-zentroa, jada, auzoko eta herriko haur, gazte nahiz edadetuen aisialdirako toki estalia da. Pistak guztira 314 pertsonentzako lekua du eta egunero zabalduko da goizeko 10etatik gaueko 9etara bitartean, etenik gabe. Ostiral arratsean hurbildu ziren auzokideek ontzat eman eta aldeko iritzia agertu zuten, leku estali eta itxia eskuratu baitute konpartitzeko, zeina auzoa berpiztu eta elkartzeko balio izatea espero duten. Hortaz, plaza estali eta malgua, belaunaldi ezberdinen arteko zubi lana egingo duena, auzokoen arteko harremanak hezurmamitzeko eta jarduerak gauzatzeko balioko duena.

Aurkezpen ekitaldira Udalbatza kide hainbat bertaratu ziren, Carlos Totorika alkatea buru zutela eta honekin bat bere taldeko Juan Carlos Abascal, Beatriz Gamiz, Miguel Ledesma eta Jose Ramon Gombau alkateordeak; EAJko bozemaile, Jol Gisasola, PP taldeko Fernando Lecumberri, Sallabente ikastetxeko zuzendari, Jose Luis Suarez, Iratxo elkarteko kideak eta Sallabente auzoko festa antolatzen duten batzordekoak ere. Arratsalde alaia izan zen, horretara lagundu zuelarik Irulitxa fanfarreak eta bere musikak, entseguak eraikinean bertan egiten dituztenak. Eta baita, auzotarrei nahiz bisitariei mokadutxo bat jan eta edateko xedez, guztia prestatu zuten elkarteko eta jai batzordeko kide boluntarioek.

Zazpiak pasatxoan alkateak hitza hartu, bertaraturikoak agurtu eta emuar ‘gazte eta adinekoei lekuaz gozatzeko gonbitea luzatu zien, zuen guztiona baita”. Jarraian, hitza Juan Carlos Abascal kideari eman zion, auzotarra izateaz gain Gizarte zentroa berrirekitzeko eta aretoa atontzeko proposamena luzatu duen gizarte eragileekin lanean egon den ordezkariari. ‘Txitxo’ goitizenez ezaguna den agintariak honakoa esan zuen “ohorea da niretzat eta hunkigarria estalitako espazio hau inauguratzen egotea, auzoarentzat nahi herriarentzat erreferente garrantzitsua izan dena, Guria zinea hasieran, Ateneo kulturala beranduago eta Gizarte-zentroa azkenean”.

Harmailetan zura jartzea, berogailu sistema eta WIFIa ipintzea aurreikusten da

Bizipen pertsonalera jausia eginez gogora ekarri zuen “mundua aldatu nahi zuen gazte talde, lortu ez arren, nire aletxoa utzi zuenak”. Konatu zuenez, taldea batetik bestera ibili zen; Sallabenteko elizatik, Inazioren upeltegi zaharrera, elizako haur-eskolatik, gizarte-zentrora, non azkenean eta urte luzez bere egoitza izan zuen Sallabenteko Gazteak izeneko aisialdi taldeak. Elkarteak 150 gaztetxo eta 20 begirale izatera iritsi zen, astebururo jarduerak eginez, Olentzero, gabon parkea edo Erregeen kabalgata antolatzen jardunez beste kolektiboekin elkarlanean”. Abascalen esanetan taldea “baloreetan hezten saiatzen zen, gaur inoiz baino beharrezkoago direnak: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna; ondorengoei planeta eta ingurune hobeagoa lagatzeko; besteak errespetatzen, zintzoak izaten eta partekatzen ikas zezaten. Gaur, haur eta gazte ziren haiek aita-ama eta guraso dira eta balore horien guztien transmisioari eusteko eta zeregin horretan mantentzeko eskatzen diet” gehituz.

Urte eta erdi atzera, auzoko guraso talde batek balioak landu eta transmititzeko lana gauzatzeko lokala eskatu zuten. Gaur egun, Iratxoko elkartean bilduta daudenak, eta horiei “publikoki eskerrak eman nahi dizkiet, musu truk egiten ari diren lanagatik. Eta baita, uztailean gozatzeko auzoko jaiak antolatzen dabiltzan batzordeko kideei ere bai”. Amaitzeko, talde horien jarduna “parte-hartzearen adibide direla” erantsi zuen, “erantzukizunak gain hartu eta besteentzako ekintzak antolatzen dituztelako, trukean ezer espero izan gabe”.

Azpiegitura berregokitua izan da estalitako plaza edo leku gisa, bertan haurrentzako elementuak eta adinekoek jarduera fisikoak eta mantenu ariketak egitekoak jarri direlarik, horretan ia 45.500 euro erabili direlarik. Berrikuntza obren mamia erabilera anitzeko pista edo aretoa egokitzea izan da, horretan haurrentzako elementuak eta hirugarren adinekoek gimnasia egin eta sasoian mantentzeko zirkuitu osasungarrirako beste hainbat, eta zaintzarako kamera zirkuitu itxia jarri dira, erabiltzaileen segurtasunerako. Aretoko jarduerak guraso taldeak kudeatuko ditu eta egunero irekitzea aurreikusten da. Aretoak berrogei erabiltzaile ume har ditzake gehienez batera. Aretoak gune berezituak ditu, 2 urtetik 6ra bitarteko haurrentzat, 14 urtera arteko gaztetxoentzat, azken hauek elkarrekin jartzeko harmailak. J. C. Abascalek aurreratu zuenez datozen hilabeteetan hobekuntza gehiago egingo dira: harmailei zura jarriko zaie, erosoa eta beroagoak izan daitezen, halaber datorren urterako berogailu sistema jartzea aurreikusita dago eta, aztertzen ari dira, udal sareari atxiki eta WIFI eskaintzeko antenak ere jartzea.

Lotutako albisteak

Imagen
19.05.25
Zubi-Ondo enpresaren dokumentazio historikoa gehitu eta eskaintzen du Bertako bildumak

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du
Imagen
16.05.25
Ziurgabetasunak eragiten al dio talentuari? Zenbateraino? Enpresa edo herri-administrazioetan maila berdinean?

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n
Imagen
16.05.25
M17: LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean