Festa giroa nagusi Emakumeen Topalekuaren 15. urteurrena ospatzeko

06.03.18
Berdintasuna

Dozenaka pertsonak parte hartu dute gaur asteartea, martxoak 6, Ermuko Emakumeen Topalekuaren 15. urteurrena ospatzeko ekitaldian. Euskal Autonomi Erkidegoko lehenengo Emakumeen Etxeak mugarri berri bat betetzen du gaur, eta zinegotziek, elkarteek eta herriko bizilagunek data berezi horren ospakizunean parte hartu nahi izan dute.

Sei emakumek eman diote hasiera ekitaldiari, emakumeen egoera azaltzen duten testu ezberdinak irakurriz eta errezitatuz. Txalo zaparrada bero bat jaso ostean, Beatriz Gamiz Berdintasun zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie Emakumeen Topalekua posible egiten duten pertsona guztiei, eta egunero emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiten dutenei.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria ere ekitaldian izan da, eta ilusioz azaldu du Topalekuaren inaugurazio ekitaldian egon zela duela 15 urte, eta gaurko ospakizunean berriro Ermuan izatea ohore handia dela. Horren harira, aitzindari diren horrelako ekimenen garrantzia azpimarratu du, eta herritar guztiak berdintasunaren alde lan egitera gonbidatu ditu.

Bi emakume ermuarrek hartu dute hitza jarraian, eta Emakumeen Topalekuan izan duten esperientzia partekatu dute. Azaldu dutenez, ahalduntzeko jarduera ezberdinetan parte hartzeko eta feminismora gerturatzeko aukera izan dute bertan.

Carlos Totorika alkateak eman dio amaiera ekitaldiari, Emakumeen Topalekuaren proiektuaren zati diren edo izan diren eta horri bizia ematen dioten emakumeen protagonismoa aitortuz.

Bertaratu diren pertsona guztien artean berdintasunaren alde topa eginez bukatu da ekitaldia.

Ospakizunek aurrera egingo dute astean zehar

Bihar asteazkena, martxoak 7, 17:30etik aurrera, World Cafe bat izango da Topalekuan, instalazioaren, bere helburuen, parte-hartzearen, Ermuan duen eta izan duen eraginaren eta etorkizuneko erronken inguruan mintzatzeko. Bilera horretako ondorioak graphic recording batean bilduko dira, eta Nahita aldizkaria eta udal webgunea bezalako kanalen bitartez ezagutaraziko dira.

Bestalde, martxoaren 10ean, larunbata, 12:30etik aurrera jai kutsu handiagoa duen topaketa izango da Martxoak 8 plazan. Bertan La Kora abesbatza feministaren emanaldia ospatuko da, eta herriko kaleetan zehar kalejira egingo da, danbordun eta perkusiodun emakumez osatutako andra-banda feministen eskutik. Ermuko, Gasteizko, Bilboko eta Durangoko taldeek parte hartuko dute bertan, besteak beste.

Lotutako albisteak

Imagen
28.11.25
‘Beldur Barik Ermua’ lehiaketak bi kategoriako bost talde saritu ditu

Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
Imagen
25.11.25
Ermua, emakumeenganako indarkeriaren aurka

Azaroak 25: herritarren elkarretaratzea, adierazpen instituzionala eta mobillizazio feminista
Imagen
18.11.25
Azaroak 25eko jardueren programa aurkeztu da

Indarkeria matxistaren aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egingo da eguerdian plazan