‘Jara’ eleberriak irabazi du Ezekiel Etxebarria saria
Jasone Osoro idazle elgoibartarrak jaso du aurtengo Ermuko Ezekiel Etxebarria literatura saria. Izan ere, bere Jara eleberria izan da azken urtean Udal liburutegian gehien irakurri den euskarazko lana.
Informazio Zientzietan lizentziaduna da Jasone Osoro Igartua, eta kazetari lanetan aritu izan da hainbat urtez. Telebistan ere aritu izan da, aurkezle zein gidoilari lanetan, eta urteak daramatza egunkari eta aldizkarietan zutabeak idazten. Bere lehen literatura lana, Tentazioak, 1998. urtean kaleratu zuen, eta harrezkero ibilbide oparoa izan du.
Oraingo honetan, ohikoa denez, Ermuko liburutegiko erabiltzaileek aukeratu dute sariduna, urtean zehar gehien mailegatu den liburua izan baita. Horrela, idazlea omentzeko eta bere lana eskertzeko modu bat izateaz gain, saria irakurleek eurek ematea da garrantzitsuena, nolabait idazlearen eta irakurlearen artean zubia eraikitzen baita.
Lanaren argumentua: Jarak 13 urte ditu, eta ume izateari laga eta emakume bihurtzen hasi da. Baina egoera berri horrek gorputzean eta, batez ere, buruan hainbat aldaketa eragingo dizkio. Gurasoekin haserreak, lagunen konplizitatea, errebeldia, pozak eta tristurak… Denetik biziko du liburuko protagonistak. Baina, batik bat, gertaera baten inguruan oinarrituko du bere unibertsoa: estreinako musua.
Ezekiel Etxebarria idazle eta apaiz ermuarraren izena daraman saria Jon Maiak, Karmelo Jaiok, Kirmen Uribek bi bider, Irati Jiménezek, Katixa Agirrek, Antton Irustak, Eskarne Mugikak eta Alberto Ladronek jaso dute orain artean.
Sari honek herrian izan dugun Ezekiel Etxebarria idazlea gogoratzeko eta hark Ermuan egindako lana aitortzeko asmoa ere badu. Ezekiel Etxebarria Ermuan bizi eta bertako apaiz izan zen 56 urtez, XIX. mendean. Bere euskaltzaletasuna oso agerikoa zen eta hainbat bertso idatzi zituen, non herriko orduko ohituren berri ematen digun. Gainera, ugariak dira erlijio gaiak, ahoz aho transmititu diren Gabon-kantak eta herriko jaun eta lagunei eskainitako bertsoak, besteak beste, On Juan Valdespinako markes jauna, Julian Gayarre, Domingo Iturraran, Jose Iraegi... eta beste hainbati.
1996an, Ermuko abade etxean aurkitu ziren bertso-paper horiek guztiak Ermua eta Eitzako euskara liburuan jaso ziren eta argia ikusi zuten. Baina bertso hauek ez dira berak egindako lan bakarra: 1899an Durangon Etimologías vascongadas o sea, Ensayo sobre interpretación y reconstrucción del Vocabulario Vascongado ere plazaratu zuen; loragintza eta ortularien inguruan ere zaletasun aparta zuen eta hainbat eta hainbat artikulu jasoak ditu.
Ezekiel Etxebarria, herrian Abadetxikia goitizenez ezaguna, Ermuan hil zen 1925eko abuztuaren 25ean.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik